Somewhere
Zuzendaria: Sofia Coppola. Aktoreak: Stephen Dorff, Elle Fanning, Chris Pontius, Michelle Monaghan, Kristina Shannon. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 98 minutu.
Sofia Coppolaren laugarren film luzeak pelikula onenaren urrezko lehoia jaso zuen iazko Veneziako zinemaldian. Hala ere, oro har izan dituen kritikak ez dira sobera onak izan, eta akaso horregatik berandutu da horrenbeste estreinaldia. Zinemaren barne mundua hartu du abiapuntu Francis Forden alabak berak idatzi duen gidoian. Johnny Marco arrakasta handiko aktorea da, Hollywoodeko luxu handiko hotel batean bizi da, Ferrari bat gidatzen du, eta emakume askorekin ateratzen da, inorekin konprometitu gabe. Baina bere bizimodu hori errotik aldatu beharko du 11 urteko alaba berarekin bizitzera agertuko denean. Alabarekiko harremanak bere bizimoduari buruzko galdera potoloak sorraraziko dizkio aktore famatuari.
Four Lions
Zuzendaria: Christopher Morris. Aktoreak: Riz Ahmed, Kayvan Novak, Nigel Lindsay, Adeel Akhtar, Arsher Ali, Preeya Kalidas. Herrialdea: Erresuma Batua. Urtea: 2010. Iraupena: 94 min.
Telebista programen egile gisa, polemikoaren fama irabazi du Christopher Morrisek bere sorterrian. Lehen filmarekin bide beretik segitu nahi duela ematen du, gai arantzatsua aukeratu baitu, horren gainean ikuspuntu ironiko, ausart eta ezohikoa emateko. Erresuma Batuan bizi diren lau musulmanek terrorista bihurtzea erabakiko dute; martiri izan nahi dute, baina ez dute jakinen nondik hasi. Bi Pakistanera joanen dira, han entrenamendua jasotzeko; bien bitartean, taldeko beste bi kideek beleak heziko dituzte, bonbak garraia ditzaten. Berriro elkartzean zeren kontra jo behar duten erabaki beharko dute. Yihad delakoaren inguruan egin den pelikularik apurtzaileena da honako hau, eta Morrisi zuzendari berriaren Bafta saria eman zion.
Larry Crowne
Zuzendaria: Tom Hanks. Aktoreak: Tom Hanks, Julia Roberts, Bryan Cranston, Nia Vardalos, Pam Grier, Jon Seda. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 98 minutu.
Tom Hanksek That Thing You Do komedia musikala zuzendu zuen 1996. urtean, baina orduz geroztik ez da berriro jarri kameraren atzealdean. Oraingoan, zuzentzeaz gain, Hansek berak idatzi du gidoia, baita protagonistaren rola hartu ere. Haren ondoan, garai bateko beste izar ospetsua: Julia Roberts. Krisi ekonomikoaren ondorioen gaineko komedia onbera eta baikorra da Larry Crowne. Enpresa garrantzitsu bateko buruzagia izan ostean, bizimodua goitik behera aldatzea erabakiko du protagonistak. Horretarako, hutsetik hasi eta berriro ere unibertsitateanemanen du izena. Han ikasle xelebreak ezagutuko ditu Larry Crownek; haiekin Vespa motor batean arituko da gora eta behera, eta irakaslearekin maiteminduko da.