'Mr. Popper's Penguins'
Zuzendaria: Mark Waters. Aktoreak: Jim Carrey, Carla Gugino, Madeline Carroll, Ophelia Lovibond, Angela Lansbury, Kelli Barrett, Philip Baker Hall. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 97 minutu.Orain dela urte batzuk munduko aktorerik errentagarrienetakoa omen zen Jim Carrey, eta horren araberako soldata zuen. Orain ere ez du gaizki kobratuko, baina argi dago garai bateko erakarmena galdu duela estatubatuarrak. Aktore serioa izaten saiatu zen, baina industriak ez dio bere eremu naturaletik ateratzeko aukera gehiegirik eman, eta komedietara itzuli behar izan du. Honakoa familia osoarentzako horietakoa da, udarako ezin aproposagoa. Stillwater izeneko herrixkan bizi da Popper jauna. Antartikarekin lotutako gaietan aditu handia da. Egun batean, handik opari bitxi bat jasoko du: pinguino bat. Hortik aurrera, akabo Popper jaunaren bizimodu lasaia.
'El hombre de al lado'
Zuzendariak: Mariano Cohn, Gaston Duprat. Aktoreak: Rafael Spregelburd, Daniel Araoz, Eugenia Alonso, Enrique Gagliesi, Ines Budassi, Lorenza Acuña. Herrialdea: Argentina. Urtea: 2009. Iraupena: 101 min.Cohnek eta Dupratek elkarlanean eginiko hirugarren lana da. Orain bi urte arrakastaz estreinatu zuten Argentinan. Zuzentzeaz gain, istorioa idazteaz eta argazkiaz arduratu ziren. Drama eta komediaren artean mugitzen den film honek sari txiki bat jaso zuen iaz Sundancen. Auzokoak dira Leonardo eta Victor; horma batek bereizten ditu bi bizimoldeak, bi mundu zeharo ezberdin. Leonardo diseinatzaile fina da; Victor, berriz, nahiko zakarra da, eta bigarren eskuko autoak saltzen ditu. Egun batean Victorrek argi gehiago behar duela erabakitzen du, eta leiho bat egiten du bi etxeen arteko horman. Orduan, bata bestearen izateaz ohartzen dira.
'Tous les soleils'
Zuzendaria: Philippe Claudel. Aktoreak: Stefano Accorsi, Neri Marcore, Clotilde Courau, LisaCipriani, Anouk Aimee.Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2011. Iraupena: 105 minutu.Alessandro Estrasburgon bizi den musika irakasle italiarra da. Bi pertsonaren ardura du bere gain; batetik, hamabost urteko alaba, krisialdiz krisialdi dabilena, eta bestetik, Crampone anaia anarkista, bere etxean erbesteratuta bizi dena, Berlusconik Italiako agintea utzi arte. Alessandro besteei emana bizi da, eta ez da jabetzen bere bizimoduak dituen gabeziez, batez ere alde sentimentalean. Baina alabak bere lehen amodioa ezagutzearekin batera, gauza asko aldatuko dira irakaslearen bizitzan. Aipamen berezia merezi du Anouk Aimee aktore beteranoak, Italia eta Frantziako pelikula handi askotan parte hartu baitu, besteak beste Felliniren hainbatetan.