Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun

'De vrais messonges'



Zuzendaria: Pierre Salvadori. Aktoreak: Audrey Tautou, Nathalie Baye, Sami Bouajila, Stephanie Lagarde, Daniel Duval, Judith Chemla. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2010. Iraupena: 105 minutu.

Ia hogei urte eman ditu Pierre Salvadori zuzendari frantziarrak komedia atseginak egiten. Bere filmografiak ez du lehen mailako zuzendari bihurtu, baina bere filmek nahiko harrera komertzial ona izan dutenez, bide beretik segitzen du. Oraingo honetan, garai bateko Amelie ezaguna dugu protagonista; nekez kenduko du Audrey Tatouk pertsonaia horren zama gainetik. Emiliek ile apaindegi bat du, eta mota guztietako aholkuak ematen dizkie bezeroei. Baina ez daki amarekin nola jokatu; senarra galdu zuenetik, bizitzeko gogoa galdua du. Egun batean, maitasun gutun anonimo bat aurkitu, eta amari bidaltzea erabakiko du, horrela bizipoza berreskuratuko duelakoan.

'Red Riding Hood'



Zuzendaria: Catherine Hardwicke. Aktoreak: Amanda Seyfried, Shiloh Fernandez, Max Irons, Gary Oldman, Julie Christie, Virginia Madsen. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 100 min.

Oso ezaguna ez bada ere, Catherine Hardwickek arrakasta komertzial handia izan zuen duela urte batzuk, hark zuzendu baitzuen Twilight saileko lehen filma. Ondoren, bide propioa egitea erabaki zuen, eta, orain, beldurrezko istorio batekin itzuli da. Ez du berak sortu, literaturako lan klasiko baten moldaketa egin du. Izan ere, Txanogorritxo-ren bertsioa da film hau. Amanda Seyfried da protagonista nagusia, Atom Egoyanen Chloe-n ikusi genuen aktorea. Valeria mendian bakartuta dagoen herrixka batean bizi da. Herritar guztiak gizotsoaren beldurrez bizi dira, eta Valerie egurgin batekin maitemindu da. Leonardo di Caprio aktore ezaguna da ekoizleetako bat.

'Justin Bieber: Never Say Never'



Zuzendaria: John Chu. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 105 minutu.

Orain dela hilabete gutxi batzuk Hannah Montanarekin gertatu zen gisa berean, hona hemen artista gazte bati buruzko film dokumental hagiografikoa. 17 urte ditu Justin Bieber gazte kanadarrak, eta YouTuben jarri zituen hainbat bideori esker egin zen ezagun. Gaur egun, mundu osora esportatzen ari diren azken izar mediatikoa da, eta nerabe eta gaztetxo ugari haren jarraitzaile sutsu bihurtu dira. Hiru dimentsiotan ikusten ahal da Bieberren gutizia garesti hau, besteak beste haren hainbat kontzertu biltzen dituena. Pelikularen mezua honako hau da: Justin Bieber amets bat zuen mutiko normal bat da, amets hori gauzatu eta errealitate bihurtzea lortu duena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.