'The Mechanic'
Zuzendaria: Simon West.Aktoreak: Jason Statham, Ben Foster, Donald Sutherland, Tony Goldwyn. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 92 minutu.
Michael Winner zuzendariak zinemako historiara pasatu ez den akzio film hala-moduzko bat zuzendu zuen 1972an. Charles Bronson gogorra zen protagonista. Nonbait, Hollywooden, pelikula horrek beste aukera bat merezi duela iruditu zaie, eta Simon West mandatu-egileari remake-a egitea agindu diote. Westek zintzo-zintzo bete du, baina ez du ematen bigarren lan hau ere zinemaren urrezko liburuetan ikusiko dugunik. Arthur Bishop hiltzaile profesionala da, lan egiteko modu berezia du eta berezko kode etikoa garatu du. Hori guztia Harry lagun-mina hilko dutenean aldatuko da. Haren seme Steveri dakien guztia erakutsiko dio Bishopek, baina berehala ohartuko da beharbada ez dela sobera ideia ona izan.
'23-F'
Zuzendaria: Chema de la Peña. Aktoreak: Paco Tous, Juan Diego, Fernando Cayo, Mariano Venancio. Herrialdea: Espainian. Urtea: 2011. Iraupena: 90 minutu.
Espainiako estatu kolpe ahaleginaren 30. urtemuga beteko den egun berean estreinatuko dute gertakizun hari buruzko filma. Telebistarako pentsatuta dirudien ekoizpena da, baina probetxu handiagoa ateratzeko asmoz-edo, pantaila handian ere estreinatzea erabaki dute ekoizleek. Istorioa guztiz ezaguna da, nahiz eta gertaera beraren inguruan oso bertsio diferenteak ematen ahal diren. Chema de la Peñarenak nahiko zuzen segitu du urteen poderioz nagusitu den bertsio ofiziala, Milans eta Armada militarrek Tejero engainatu zutela. Horrek Espainiako Kongresua hartu zuen, bertan zeuden parlamentariak bahituz, eta azkenean Espainiako erregearen erabaki irmoak amaiera ezarri zion kolpe estatu ahaleginari.
'Just Go With It'
Zuzendaria: Dennis Dugan. Aktoreak: Adam Sandler, Jennifer Aniston, Brooklyn Decker, Nicole Kidman. Herrialdea: AEB. Urtea: 2011. Iraupena: 116 minutu.
Pelikula hau komentatzen hasi aurretik, argi gorria piztu da: ez al da dagoeneko aipatua izan? Artxibo zaharrak errepasatu, eta ez, ematen du ezetz. Baina guztiz normala da nahasmena, osagaiak guztiz klonikoak baitira: Adam Sandler, Jennifer Aniston eta komedia erromantiko kaskarin bat. Azken aldiotan gisa honetako enegarren pelikula da honakoa; hortaz, ezin zaio originaltasunik eskatu, sikiera une on bat pasaraztea. Dannyk Palmer konkistatu nahi du, eta horretarako plan bitxia bururatu zaio. Katherine bere laguntzailea eta haren seme-alabak kontratatuko ditu, bere familiako kideak direla sinestarazteko. Nonbait, Palmerrek berarengatik emaztea utziko duela sinesten badu, harremanarekin aurrera segitzea onartuko du.
Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu