Zinema. Estreinaldiak. Beste film batzuk

2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

'Mil cretins'

Zuzendaria: Ventura Pons. Aktoreak: Francesc Orella, Julieta Serrano,Santi Millan, Jordi Bosch, Clara Segura, Eduard Soto. Herrialdea: Katalunia. Urtea: 2011. Iraupena: 94 minutu.

Ventura Pons zuzendariak erritmo harrigarrian segitzen du lanean: sei film estreinatu ditu azken sei urteotan. Oraingo honetan, Quim Monzo idazle katalan ezagunaren hamabost istorio hartu ditu,eta bere era berezira moldatu. Horietan zahartzaroa, amodioa, heriotza, samina eta antzeko gaiak oso presente daude, baina bada istorio guztiak lotzen dituen gai nagusi bat: giza ergelkeria. Ez da zinemagileak Quim Monzoren liburu bat moldatzen duen lehen aldia, orain dela hamasei urte gauza bera egin zuen El porqué de las cosas izen bereko liburuan oinarritutako filmean, eta lan horrekin arrakasta handia lortu zuen nazioartean. Pelikula egun berezi batean estreinatu nahi izan du Ventura Ponsek: berak sortutako ekoiztetxeak 25. urte beteko dituen egunean.


'Red'

Zuzendaria: Robert Schwentke. Aktoreak: Bruce Willis, John Malkovich, Morgan Freeman, Helen Mirren, Karl Urban. Herrialdea: AEB. Urtea: 2010. Iraupena: 111 minutu.

Nostalgia pelikula bat saltzeko bide ezin egokiagoa dela ohartu omen dira ekoizle gosetiak. Hori jakinda, jo eta su jarri dira lanean. Iaz, Silvester Stallonek Hollywoodeko eta inguruko morroirik gogorrenak, Kaliforniako gobernadorea barne, elkartu zituen The Expendables filmean. Oraingoan,bestelako beterano talde bitxi bat elkartu du Schwentke zuzendariak. Mirrenek eta Willisek ez dute ezaugarri komun asko, baina lehena pistola bat eskuetan duela ikustea omen da filmeko gauza interesgarrienetako bat. Warren Ellisen komiki batean dago oinarrituta istorioa: CIAko lau agente ohi erretiro lasaian bizi dira, baina gobernu aldaketa etorriko da AEBetara eta agintari berriek taldea akabatu nahiko dute. Izan ere, sekretu gehiegi dakizkite, eta ez da komeni bizirik segitzea.


'La herencia Valdemar II: La sombra prohibida'

Zuzendaria: Jose Luis Aleman. Aktoreak: Daniele Liotti, Oscar Jaenada, Laia Marull, Silvia Abascal, Rodolfo Sancho, Ana Risueño. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2011. Iraupena: 98 minutu.

Iaz Jose Luis Alemanek La herencia Valdemar trilogiari eman zion hasiera. Lehen zatiak ez zituen oso kritika onak izan eta apenas oihartzunik izan zuen. Hala ere, zuzendari espainiarrak egitasmoarekin aurrera segitzen du, eta orain bigarren atala heldu zaigu, aktore ezagun batzuekin. Luisa Lorente filmeko pertsonaia desagertu egin da, eta hura bilatzea da istorioaren ardatz nagusia. Nicolas Tramel detektibea kontratatuko dute zeregin horretarako, eta Ana eta Eduardo, Luisaren lankide ohi prestuak, detektibea laguntzeko prest agertuko dira. Zuzendariak berak idatzi du pelikularen gidoia, eta, azaldu duenez, garai bateko beldurrezko filmen arima berreskuratu nahi du La herencia Valdemar sailarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.