ZINEMA. ESTREINALDIAK. Harry Potter, amaieraren hasiera

Sail arrakastatsuaren azken atala bitan zatitu dute, eta horiekin agur esanen dute Hogwartseko pertsonaia ezagunek

Gontzal Agote.
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Atzera begira jarri, eta denbora zein azkar pasatzen den ohartuko gara berehala. Hamar urte pasatu dira Harry Potterren abenturak lehen aldiz pantaila handira ailegatu zirenetik. Hamar urte. Eta, liburu sortari gertatu zaion bezala, filmei ere etapa luze hori ixteko tenorea ailegatu zaie. Hala ere, patxadaz egin nahi du magoak azken agurra, eta sailaren zazpigarren filma bitan zatitu dute. Orain, lehena, eta hurrengo urteko udan, behin betiko amaiera.

Urrun gelditzen da Chris Colombusek zuzendu zuen hura: Harry Potter eta sorgin harria. Filmak izugarrizko arrakasta izan zuen, eta J.K. Rowlingen liburua zinemara eramatea oso errentagarria izan zela erakutsi zuen. Eleberriekin gertatzen den moduan, haurrek zein helduek gozatu zuten Hogwarts eskolako giro magikoarekin.

Horrekin batera, lehen film harekin mundu osoak gaztetxo baten izena eta izana deskubritu zituen. Handik aurrera Daniel Radcliffe betiko gelditu da Potter izenari lotua. Hurrengo filmetan beste aktore asko sartu ziren sailean, baina inork ez dio itzalik egin aktore gazteari. Harry Potter aipatu eta haren irudia burura etorri, horixe lortu dute filmek.

Colombusek berak zuzendu zuen Potterren bigarrena, Harry Potter and the Chamber of Secrets,2002an. Kalitatean zertxobait behera egin arren, ikusleen harrera ezin hobea izan zen orduan ere. Argi zegoen saila ez zela erdibidean geldituko eta liburuekin batera amaituko zirela Harryren ibilera zinematografikoak.

Hurrengo bi filmetan, beste bi zuzendarirekin egin zuten proba ekoizleek: Alfonso Cuaron mexikarrarekin eta Mike Newell ingelesarekin. Gainerakoan, aldaketarik ez protagonista nagusien artean: Daniel Radcliffe, Emma Watson eta Rupert Grint hirukotea izan da hasieratik Hogwartseko munduaren oinarri nagusia. Tarteka beste izen ezagun batzuk agertu izan dira bigarren mailako roletan: Gary Oldman, Emma Thompson, Ralph Fiennes, Miranda Richardson, Helena Bonham Carter, Brendan Gleesom...

Zuzendari egonkorra

Harry Potter and the Order of the Phoenix-ekin (2007) David Yates zuzendari ingeles ezezaguna agertu zen. Telebista munduan ibilia zen, baina urte horretan Potter sailaren ardura hartu zuen, eta berak amaituko du, lau pelikula zuzenduta. Distira berezirik eman ez badio ere, zuzen bete du bere zeregina Yatesek, eta egonkortasuna eman izana baloratu omen dute ekoizleek.

Bera izan da Harry Potter and the Deathly Hallows-eko gidaria. Ez da batere filmaketa samurra izan, hamahiru hilabete iraun du, eta tarte horretan bi film egiteko materiala sortu behar izan dute, bi partetan estreinatuko baitute. Baina hamar urteren ostean talde trinkoa sortu da Harry Potterren inguruan; aktoreek eta gainerako teknikariek elkar ezagutzen dute, eta horrek asko lagundu du proiektua azken bururaino eramaten.

Filmak ez du sekretu askorik. Dagoeneko zaleek Rowlingek iaz argitaratu zuen liburua irakurria dute, eta, hortaz, ez da kontu berriak asmatzeko aukera handirik. Dena den, protagonisten arteko harremanekin gertatuko denak jakin-min handia sortu du; izan ere, duela hamar urteko haur horiek pelikulekin batera ailegatu dira heldutasunera. «Musurik ba al da?», hori da behin eta berriz zuzendari eta aktoreei egiten dieten galdera.

Morboa alde batera utzita, Potterren azken istorioa Hogwartsetik kanpo gertatuko da gehienbat. Indar Ilunen Magia ailegatu ostean, Harry, Hermione eta Ron gaztelutik aterako dira. Ihes egin nahi dute, baina aldi berean beste zerbait aurkitu; Lord Voldemort zitalaren arima zatiak dituzten objektuak suntsitu nahi dituzte.

Ohi denez, Potterren film berri honetan ere aktore beteranoak sartu dira; gehienak, britainiarrak: Rhys Ifans, Hazel Douglas, David O'Hara eta Bill Nighy. Harry Potter and the Deathly Hallows-eko bigarren atala 2011ko uztailean ailegatuko da mundu osoko pantailetara, eta orduan bai, behin betiko esan beharko diogu agur Hogwartseko mundu magikoari.

'HARRY POTTER AND THE DEATHLY HALLOWS'

Zuzendaria: David Yates.

Aktoreak: Emma Watson, Rupert Grint, Alan Rickman, Helena Bonham Carter, John Hurt.

Herrialdea: Britainia Handia.

Urtea: 2010.

Iraupena: 140 minutu.

Estreinaldia: Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian, eta datorren asteazkenean Ipar Euskal Herrian.



Beste sei filmak

'Harry Potter eta sorgin harria' (2001). Hogwarts magoen eskolan sartuko da Harry Potter (Daniel Radcliffe), eta film guztietan alboan izango dituen bi lagunak ezagutuko ditu han: Hermione Granger (Emma Watson) eta Ron Weasley (Rupert Grint). Film guztiek etekin ekonomiko itzela izan dute, baina denetan lehenak bildu du diru gehien (974'7 milioi dolar).

'Harry Potter and the Chamber of Secrets' (2002). Hogwarts eskola arriskuan jarriko duen misterioa argitzen ahaleginduko dira hiru mago gazteak.

'Harry Potter and the Prisoner of Azkaban' (2004). Azkabango espetxetik hiltzaile batek ihes egingo du, eta Potterren bila joango da. Erresuma Batuko bi BAFTA sari lortu zituen film honek.

'Harry Potter and the Goblet of Fire' (2005). Magoen lehiaketak jasango duen sabotajea izango da istorioaren ardatza. BAFTA sari baten irabazlea.

'Harry Potter and the Order of the Phoenix' (2007). Voldemort maltzurraren itzulerari buruz zalantzak areagotuko dira.

'Harry Potter and the Half-Blood Prince' (2009). Eskolako ikasleek jasandako erasoak argitzen saiatuko da Potter.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.