ZINEMA. ESTREINALDIAK. Hiruren arteko harremana

'Chloe' filmarekin, bere alderik komertzialena erakutsi nahi izan du Atom Egoyan zuzendariak

Gontzal Agote.
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Atom Egoyanen izena kalitatearen sinonimoa zen 90eko hamarkadan, baina garai horiek joanak direla dirudi. Urrun, nahiko urrun gelditu dira Exotica eta The Sweet Hereafter-en garai gozoak. Haren azken filmek ez dute oihartzun handirik izan, eta garai bateko zuzendari errespetagarriaren lanek ez dute zinemarako estreinaldi komertzialik izan; 2008ko Adoration-ek, esaterako.

Beharbada horregatik, azken film honetan alderik komertzialena erakutsi nahi izan du. Aktore ezagunekin egin du lan, Liam Neeson eta Julianne Moorerekin; eta kontatu duen istorioa ere nahiko ohikoa da. Pasioarekin lotutako thriller-a da Chloe. Hala ere, hori ez da Egoyamen ohiko jokalekua, eta egindako apustuak ez du oso harrera ona izan. Donostiako Zinemaldiko sail ofizialean aurkeztu zuten iaz, eta ikusleak nahiko hotz utzi zituen. Dena den, sikiera filma pantailetara ailegatzea lortu du.

Berez remake bat ez bada ere, Chloe-k zerikusi handia du 1987ko beste lan batekin, Adrian Lyneren Fatal Attraction ezagunarekin. Oraingoan ere hiruko bat da protagonista: Davis eta Catherine bikote perfektua dira, antza, baina itxura horren azpian ur uherrak daude; Catherine sinetsita dago senarra engainatzen ari zaiola eta beste norbaitekin dabilela.

Senarraren bekatua agerian uzteko, prostituta gazte bat kontratatuko du emazteak, hura seduzi dezan. Eta hala gertatuko da. Hortik aurrera, Chloek Davidekin dituen saioak kontatuko dizkio Catherineri, eta horrek ezagutzen ez zuen mundu baten ateak irekiko dizkio.

'CHLOE'

Zuzendaria. Atom Egoyan.

Aktoreak: Liam Neeson, Amanda Seyfried, Julianne Moore, Max Thieriot, Nina Dobrev, Laura DeCarteret.

Herrialdea: Kanada.

Urtea: 2009.

Iraupena: 99 minutu.

Estreinaldia: Hego Euskal Herrian etzi estreinatuko dute, ostiralean. Ipar Euskal Herrian, martxoan estreinatu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.