ZINEMA. ESTREINALDIAK. 'The Way'

2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Zuzendaria: Emilio Estevez. Aktoreak: Martin Sheen, Deborah Kara Unger, James Nesbitt, Yorick van Wageningen, Simon Andreu. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2010. Iraupena: 85 minutu.

Donejakueren urtea da 2010a, eta hori ospatzeko hainbat instituzio gastatzen ari diren dirutzaren artean zati handi bat film hau finantzatzeko erabili dute. Ez da ohiko film bat, baizik eta Donejakue bidea igarotzen den inguruko publierreportaje kamuflatu moduko bat. Gutxienez, Euskal Herriko paraje batzuk ikusteko aukera ematen du filmak. Tom Avery Kaliforniako mediku ospetsua da. Dei baten bidez, semea Pirinioetan izandako istripu batean hil dela jakinen du. Bien arteko harremana sekula ez da ona izan; hala ere, semearen gorpuaren bila abiatuko da. Europara ailegatu eta han jakinen du semearen asmoa Donejakue bidea egitea zela. Averyk semearen ordez bidea egitea erabakiko du; semea ezagutzeko eta ulertzeko azken aukera da.

'Circuit'

Zuzendaria: Xavier Rivera. Aktoreak: Sophie Auster, Vincent Martinez, Misia Mur, Oscar Jaenada, Leticia Dolera, Michelle Jenner. Herrialdea: Katalunia. Urtea: 2010. Iraupena: 95 min.

Orain dela sei urte lehen film luzea estreinatu zuen Xabier Rivera gazteak, baina film horrek nahiko harrera kaskarra izan zuen. Hala ere, zuzendari gaztea ez da desanimatu eta mimo handiz prestatu du bigarrena. Amu gisa, pertsona ezagunak jarri ditu aktore lanetan, horien artean Sophie Auster eta Nacho Duato dantzaria. Amodioa eta desamodioa dira Circuit-eko gai nagusiak, elkar gurutzatzen diren istorio txikiak. Miak lan bila joko du Vic argazkilariaren estudiora. Horrek gogo onez hartuko du modeloaren eskaintza, egun berean ordu arteko bere modelo eta maitale zenak utzi egin baitu. Vicek haren lekua hartzeko proposatuko dio Miari. Filma aurtengo Malagako zinemaldian estreinatu zuten, eta ez zuen saririk eskuratu.

'Planes para mañana'

Zuzendaria: Juana Macias. Aktoreak: Carmen Elias, Goya Toledo, Ana Labordeta, Aura Garrido, Jorge Bosch, Brendan Price. Herrialdea: Espainia. Urtea: 2010. Iraupena: 96 minutu.

Film hau ere Malagako zinemaldian aurkeztu zuten, eta harrera hobea izan zuen, hiru sari lortu baitzituen: zuzendaririk onenarena, taldeko emakumezko aktorerik onenarena eta estreineko gidoiarena. Horietatik bi, hortaz, Juana Maciasentzat izan ziren, bera baita drama honen zuzendari eta gidoilaria. Lehen film luzea du; meritua are handiagoa da. Egun bakar batean gertatuko da Planes para mañana; tarte horretan, hiru emakumek erabaki garrantzitsu batzuk hartu beharko dituzte. Inesek, haurdunaldiarekin aurrera segitu ala ez. Marianek, senarrekiko harremanarekin amaitzea. Eta Antoniak, beti maitatu izan duenarekin ihes egin ala ez. Denek hutsetik hasteko aukera dute, baina ordu arteko bizimoduarekin apurtzeak beldurra emanen die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.