Futbolarekin gertatu den moduan, azken urteotan zinemaren liga ere bi taldeen artean jokatzen dela dirudi. Bando batean, egile zinema, esperimentala, bide berriak jorratzen dituen zeluloidea, Cahiers de Cinema... Kontrako bandoan, entretenimendurako zinema, komertziala, herrikoia, Hollywood, Fotogramas...
Konparazio honetan ez du garrantzirik nor den Real Madrid eta nor Barça —kamiseta ezberdina baina jarrera berdina duten bi futbol instituzio direla iruditzen zait—. Eta zinema bandoez ere, hein batetan, gauza bera esan daiteke. Zinematografikoki ezberdinak dira, zalantzarik gabe. Eta normala da zinemazale bakoitzak gertutasun handiagoa sentitzea batekin edo bestearekin. Baina uste baino antza handiagoa dute elkarrekin. Biek dute beren star system-a. Biek ipurtzuloa miazkatzen dizkieten kritikari, jarraitzaile eta esnobak. Biek gozatzen dute zinemaldi zirkuitu partikularra. Eta bietan filmatzen dira pelikula bikainak, zatarrak eta, okerragoa dena, pelikula mediokreak.
Ez dakit zein den arrazoia, baina bando batean edo bestean kokatzeko beharra dagoela dirudi.Film bat esperimentala eta entretenigarria izatea ezinezkoa balitz bezala. Noiz garatu zuen Homo sapiens-ak lerroak marraztu eta gozamenari mugak jartzeko joera hori? Gutariko bakoitzak hooligan txiki bat elikatzen du bere barnean. Harritzen nauena da fundamentalismo hori futbola eta zinema bezalako gauzetan aplikatzea, eta ez leialtasuna edo koherentzia moduko kontzeptuetan.
Eta ez nabil bakearen bandera ateratzeko eskaria egiten edo munduko zinemazaleen batasunaren bila. Ez. Niri interesatzen zaidan liga Realak jokatzen du. Beraz, niri bost. Baina zinemaren munduan piztu den bi bandoen gerra horretan sakondu nahi duenak, egin dezala benetan. Asmatu banderak! Konposatu ereserkiak! Hartu tripodeak eta zorroztu kamarak! Utz hitz-aspertu intelektualak eta busti daitezela kaleak etsaiaren odolarekin!
Donostiako 59. Zinemaldia. Plano subjektiboa
Zinema gudak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu