Fernando Leon de Aranoa 90eko hamarkadaren amaieran atera zen plazara. Familia film interesgarria izan zuen estreinakoa, eta hurrengo bi filmek -Barrio eta Los lunes al sol- Espainiako zinemagintzaren gailurrera eraman zuten. Europako beste hainbat herrialdetan egiten ari zen zinema sozialaren bertsio iberikoa zen harena, eta ikusle eta kritikarekin bat egitea lortu zuen.
Princesas-ekin, baina, itzali egin zen haren izarra. Prostituten inguruko film samurrak ez zuen batere harrera ona izan, eta zinemagilea denboraldi batez isiltzea erabaki zuen. Bost urte iraun du isilaldiak. Tarte horretan soilik Invisible askoren arteko proiektuan hartu du parte.
Amador-ekin ikuspuntu intimista batera jo nahi izan du, kezka sozialak guztiz baztertu gabe. Gaixorik dagoen gizon zahar baten (Amador) eta hura zaintzen duen emakume gazte etorkinaren (Marcela) arteko harremanari buruzko pelikula da, eta horrek gaur egungo gizartean dauden hainbat jokabide agerian uzteko balioko dio. Baina oraingoan ez dirudi Aranoaren helburu nagusia kritika soziala egitea denik.
Marcela eta Amador oso izaera eta jatorri diferenteak izanagatik, bien artean harreman estua sortuko da, elkarri kontu asko esanen dizkiote. Halako batean, egoera guztiz aldatuko da eta Marcelak ataka gaitzean ikusiko du bere burua. Protagonista lanetan Cesar Bugallo aktore eskarmentuduna eta Magaly Soler La teta asustada filmean ezagutu genuen aktore perutarra daude.
'AMADOR'
Zuzendaria: Fernando Leon de Aranoa.
Aktoreak: Magaly Solier, Celso Bugallo, Sonia Almarcha.
Herrialdea: Espainia.
Iraupena: 112 minutu.
Estreinaldia: Gaur estreinatuko dute Hego Euskal Herrian; Ipar Euskal Herrian ez du estreinatzeko egunik.
ZINEMA. Heriotza arteko harremana
Fernando Leon de Aranoa espainiarra zinema sozialetik aldendu da 'Amador' azken filmean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu