Aktore lanetan eskarmenturik badu Mathieu Demyk, baina zuzendari gisa aritu gabea zen orain arte. Americano bere opera primaaurkeztu zuen atzo Sail Ofizialean, nahiko harrera onarekin.Ez ditu ezkutatu gurasoengandik jasotako eraginak, biak ere izen handiko zinemagileak —Jaques Demy eta Agnes Varda—. Zinemarekiko maitasuna erakutsi nahi izan du lanean, beretzat erreferenteak diren hainbat filmi «keinuak» eginez, Wim Wendersen Paris-Texas-i, esaterako. «Zinema maite duen horri begira egin dut pelikula hau», azaldu zuen Demyk, filma erakutsi osteko agerraldian.
Zuzendari lanetan ez ezik, protagonistaren rolean ere aritu da. Parisen bizi da protagonista, eta AEBetan ama. Gazterik aitarekin bizitzera joan zen Frantziara. Ama hil zaiola jakingo du egun batez, eta paper kontuak konpontzera joango da Los Angelesera. Baina ondasunen inguruko eginbideetan baino, amari buruz gehiago jakiten saiatuko da. Tijuanara eramango du bidaia horrek, batez ere barne bidaia izango dena.
Generoen nahasketarik eraiki du filma zuzendariak: road movie-a, abentura, drama... Dokumental baten zatiak ere tartekatu ditu protagonistaren haurtzaroko oroitzapenak berreskuratzeko; Los Angelesen bizi zirela haren amak 16 mm-tan hartutako grabazioak dira. «Filma ez da dokumental horren jarraipena, pertsonaiarena baizik. Nire amak fikzio moduko bat egin zuen nire haurtzaroa oroitzeko, eta niri interesgarria iruditu zitzaidan film batean bezala bizi den pertsonaia baten inguruan fikzioa egitea. Niretzat, zinemarekiko maitasunaren inguruko film bat da».
Lotura hori gorde nahi izan du gurasoen lanekiko, gaiak ere hari bera jarraitzen duelako, guraso-seme-alaben arteko harremanak. Absentziei buruz hitz egiten duela onartzen du, baina hori baino gehiago, «gurasoen eta seme-alaben arteko loturak duen indarra» nabarmendu nahi izan du. «Dolua egiteari buruz baino gehiago, dolua onartu nahi ez duen pertsona bati buruzko filma da».
Aktore eta zuzendari
Hildako emakumearen lagunaren rola jokatu du Geraldine Chaplinek, eta umoretsu mintzatu zen, Demyren lana goraipatzeko. «Zuzendari oso ona da, baita oso aktore ona ere. Uste nuen hori ezinezkoa zela, nire familiako baten bat salbu, baina ekinaren ekinez lortu du». Hartarako «metodikoa» izaten saiatu da Demy, baina interpretazioan «intuizioari» kasu egin dio. Carlos Bardem, Chiara Mastroianni eta Salma Hayek aktoreek ere lan egin dute Demyren aginduetara.
Donostiako 59. Zinemaldia
«Zinema maite duen horri begira egin dut film hau»
Mathieu Demyk guraso eta seme-alaben arteko loturen indarra aztertu du zuzendu duen lehen filmean, 'Americano'-n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu