Ez zen hasiera izan, baina bai aro berri baten hasiera ekarri zuen inflexio puntua. Donostiako Zinemaldiak 25 urte bete zituen 1977an, eta aldaketa handiak izan ziren urte hartako jaialdian, antolakuntzatik hasi eta emanaldietaraino. Bada, aldaketa horien xehetasunetan sakontzen duen erakusketa zabaldu dute Artium museoan: Zinemaldiak 24 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko. Zinemaldiaren, Elias Querejeta Zine Eskolaren (EQZE) eta Artiumen arteko lankidetzaren bitartez ondu da, eta abenduaren 8a arte izango da ikusgai.
Egitasmoa Artium museoaren bildumako Zeru bat, hamaika bide. Praktika artistikoak Euskal herrian 1977-2002 aldian erakusketarekin lotuta dago, eta Zinemaldiak eta EQZEk bultzatzen duten Zinemaldia 70: historia posible guztiak proiektuaren parte da. Pablo La Parrak egin ditu komisariotza lanak, eta gaur aurkeztu dute erakusketa.
«1977ko edizioa, urteurren bat baino gehiago, borrokarako gune bat izan zen: hiritik kudeatutako lehen jaialdia aldarrikapen politikorako plataforma bihurtu baitzen», azaldu du La Parrak. Izan ere, 1953an, frankismo garai betean sortu zen Donostiako Zinemaldia, eta haren agindupean egin zituen lehen urratsak. 1977an, baina, ordura arte Espainiako Informazio eta Turismo ministerioaren eskuetan zegoen antolakuntzaren ardura bereganatu zuen hiriak, eta horrek errotik aldatu zituen jaialdiaren zutabe eta ildo nagusiak.
Bada, edizio hartako ikus-entzunezko materialak, gutunak, argazkiak eta dokumentuak erabiliz ondu dute erakusketa, inflexio puntuan sakondu eta zinemaldiaren ibilbidean erabateko aldaketa ekarri zuen aldia berregiteko. Material asko eta asko inoiz argitaratu gabeak dira, eta lehen aldiz erakutsiko dira jendaurrean. Zinemaldiaren artxibokoak dira gehienak, baina badira beste bilduma batzuetatik hartutakoak ere.
Horien artean daude, esaterako, zinemaldiari babesa ematen dioten gutunak eta komunikatuak; lehiaketaren aldizkari ofizialaren azalen eta artikulu esanguratsuen originalak; diktadura frankistaren jazarpena jasan zuen Luis Buñuelen Viridiana filmaren kartel bat; garaiko egunkari zatiak; Juan Carlos Eguillorrek sinatutako komiki bat; eta zinemaren munduko jende ezagun asko ageri duten argazki ugari.
Erakusketan ikus daiteke, halaber, Carlos Rodriguez Sanzen eta Manuel Coronadoren Expediente film laburra. 1977an film laburrik onenaren Urrezko Maskorra lortu zuen. Hamasei milimetrotan filmatutako hamabost minutuko filma da, eta Elias Querejeta Zine Eskolak zaharberritu eta digitalizatu du. Equipo Cronica taldearen pinturari buruzkoa da, eta, aldi berean, errepresio frankistaren ondorioei buruzko hausnarketa proposatzen duena.