Zinemaldiak ziklo bat eskainiko dio AEBetan egindako komedia berriari

Generoak azken bi hamarkadetan izan duen bilakabidea eta susperraldia erakutsiko dute 30 film hautatuek

Gregg Arakiren Smiley Face (2007), Very Funny Things. Amerikar komedia berria zikloko filmetako bat. Z / BERRIA.
Juan Luis Zabala
Donostia
2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
AEBetako komediak azken bi hamarkadetan izan duen susperraldia erakutsiko du Donostiako Zinemaldiak aurtengo ekitaldian, irailaren 21etik 29ra, Very Funny Things. Amerikar komedia berria atzera begirako zikloaren bidez. Jaialdiak eskainiko duen atzera begirako beste ziklo batek, Zinema eraikitzen. Hamar urte Latinoamerikako zinemarekin izenekoak, jaialdiak berak Zinema Eraikitzen sailaren bitartez lagundutako filmik nabarmenenak ezagutaraziko ditu. Atzera begirako beste zikloa joan den urtarrilean iragarri zuten antolatzaileek, Georges Fanju frantses zinemagileari eskainitakoa.

«Komedia, Hollywooden tradizio luze-zabala duen generoa, suspertu egin da azken bi hamarkadetan, lotsagabekeriarako, desegokitasun politikorako eta satira sozialerako tokia duen ikuspegi garaikideari esker», Zinemaldiaren antolatzaileek Very Funny Things. Amerikar komedia berria zikloaren berri emateko zabaldu duten oharrean diotenez. Peter Farrelly, Judd Apatow, Todd Phillips, Jared Hess, Ben Stiller, Will Ferrell, Seth Rogen, Jason Segel, Tina Fey, Kristen Wiig, Mike Judge, Trey Parker eta Matt Stone zinemagileen lanek frogatuko dute hori Donostian. «Guztiek ere umorezko zinemaren aukerak zabaldu dituzte, publikoaren miresmena eta kritikaren errespetua proportzio berean irabazi dituen 'egile komediaren' bidez».

Guztira, 30 filmek osatuko dute zikloa, 70eko hamarkadaren amaierakoak eta 80koaren hasierakoak zaharrenak; duela bost urte ingurukoak berrienak. Zikloko film zaharrenek gross-comedy deituarenoinarriak jarri zituzten film lotsagabe eta ikonoklastak dira, hala nola Animal House (1978), Meatballs (1979), Coddyshack (1980) eta Porky's (1982). Ondorengo hamarkadetako filmek —Dude, Where's My Car (2000), Zoolander (2001), Napoleon Dynamite (2004), The 40 Year Old Virgin (2005) eta The Hangover (2009), besteak beste— gizartean moldatzen ez den pertsonaia enblematikoa aldarrikatzen jarraitu zuten, AEBetako gizarte garaikidea karikaturaren bidez erretratatuz.

Aldez edo moldez komediara hurbildu diren egungo zinemagile estatubatuar garrantzitsuenetako batzuen lan nabarmenak ere emango dira zikloan: Richard Linklater (Dazed and Confused, 1993), Paul Thomas Anderson (Punch-Drunk Love, 2002), Wes Anderson (Rushmore, 1998), David Gordon Green (Pineapple Express, 2008) eta Gregg Araki (Smiley Face, 2007).

Zikloak Euskadiko Filmategiaren, Ricardo Muñoz Suay Ikus-entzunezko eta Zinematografiako Valentziako Institutuaren eta Kataluniako Filmategiaren laguntza izango du, eta argitalpen bat egingo da, Violeta Kovacsicsek koordinatuta.

'Zinema Eraikitzen' sailekoak

Zinema Eraikitzen. Hamar urte Latinoamerikako zinemarekin zikloak azken hamar urteotan Donostiako jaialdian egitasmo gisa aurkeztu eta bertan jasotako laguntzarekin gauzatutako film guztien arteko hemezortzi berreskuratuko ditu. Mundu osoko nazioarteko zinema jaialdietan emanak dira, eta haietako asko sari garrantzitsuak jasotakoak. Tristan Bauerren Iluminados por el fuego (Argentina, 2004), Jorge Duranen É proibido proibir (Brasil, 2005), Enrique Fernandez eta Cesar Charloneren El baño del Papa (Uruguai-Brasil-Frantzia, 2005) Francisco Vargasen El violín (Mexiko, 2005) eta Carlos Morenoren Todos tus muertos (Kolonbia, 2010) dira horietako batzuk.

Erakunde publikoetatik iaz baino 225.00 euro gutxiago jaso arren, zinemaldiak ez du aurtengo ekitaldian iazkoan baino aurrekontu urriagoa izango, Gas Natural Fenosa enpresak 300.000 euroko laguntza emango baitio. Fenosa babesle pribatu nagusia izango da, TVErekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.