«Sentiberatasun handiagoa» izateko eta Donostiako Zinemaldiaren nahiz Musika Hamabostaldiaren diru laguntzak ez murrizteko eskatu zien atzo Odon Elorzak Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bi instituzioek asteon aurkeztu dituzte datorren urterako aurrekontu proiektuak. Donostiako alkatearen hitzetan, «iragarritako murrizketen aurrean isiltasun konplizea» gordeko balu, ez litzateke betetzen ariko bi jaialdietako presidente gisa duen ardura. Hala, diru laguntzak murrizteko erabakia gogor kritikatu zuen, hedabideetara igorritako ohar baten bidez.
Zinemaldirako diru laguntza 60.000 euroan -aurtengo diru partidaren %6- gutxituko duela eta heldu den urtean 940.000 eurokoa izango dela iragarri zuen Blanca Urgell Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak atzo, elkarrizketa batean. Iaz Zinemaldiko dirua murrizketaz libratu zen bakarra izan zela, eta datorren urteari begira ezin izango diotela kopuru berari eutsi azaldu zuen sailburuak. «Datorren ekitaldirako gaizki gabiltza. Laguntza guztietan egin behar izan ditugu murrizketak, eta aurten ez gara milioi eurora iritsiko». Musika Hamabostaldiaren aurrekontua iaz dagoeneko murriztu zen arren, datorren urteari begirako laguntza «apur bat» jaitsiko dela gaineratu zuen Urgellek elkarrizketa berean.
Gipuzkoako Foru Aldundiak murrizketa bera iragarri duela esan, eta «bi jaialdien etorkizunarekiko kezka larria» azaldu zuen Donostiako alkateak. Baita «kultura lehentasunen ordenaren inguruko ezinbesteko gogoeta batzuk» ere, zehaztu zuenez.
Egungo ekimenak sendotu
Beste zenbait egitasmotarako zehazten diren diru partidekin alderatu zuen Elorzak bi jaialdientzat bideratuko dena. «Atentzioa ematen dit AHTa egitera, Guggenheim museo berrira edo Tabakaleraren proiektura zenbat milioi bideratu nahi diren irakurtzen dugun aldi berean Zinemaldia arriskuan jartzea, are gehiago egungoaren gisako testuinguru zailean». Haren hitzetan, bi jaialdiek Europan oihartzuna ematen diote Donostiari, eta bertaratzen diren zaleei, berriz, gogobetetze handia. Horregatik, haren ustez, «iritzi publikoak jakin egin behar du» Zinemaldiaren «egitura eta programazio lehiakorra» krisian sartuko balira, edo Musika Hamabostaldiaren edukien kalitatea jaitsiko balitz, «gerora jaialdiok «suspertzea konplexua» izango litzatekeela.
Hala, Eusko Jaurlaritzaren nahiz Foru Aldundiaren «funtsezko lana» aitortuta, kultur egitasmo berriak martxan jarri beharrean, egungoak indartu behar direla uste du Donostiako alkateak. «Nire iritzi xumean, herria kultur abentura berrietan sartu baino lehen, Guggenheim II, Balentziaga edo Tabakalera deitu, egun duguna eta garrantzitsua dena sendotu behar dugu, krisian sar ez dadin». Bide hori hautatzeko deia egin zien Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eta Gipuzkoako ahaldun nagusiari. Eusko Legebiltzarreko nahiz Batzar Nagusietako talde politikoei, berriz, aurtengo partidak mantentze aldera zuzenketak aurkez ditzatela eskatu zien.
Zinemaldiaren eta Hamabostaldiaren laguntzei eusteko eskatu du Elorzak
Jaurlaritzak iragarri du zinema jaialdirako dirua %6 jaitsiko duela, eta erabakia gogor kritikatu du Donostiako alkateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu