Magical Girl izan da Donostiako 62. Zinemaldiko irabazle erabatekoa. Bi sari nagusiak eraman ditu Carlos Vermut zinemagile espainiarraren lanak: Film onenaren Urrezko Maskorra, eta Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra. «Donostiako hiriari» eta filmeko lantalde osoari eskertu zion saria zuzendariak Zilarrezko Maskorra jaso zuenean, «zinema jende askorekin egiten den bidaia baita». Eta, are hunkituago, bere bikotekideari eskaini zion sari nagusia, Urrezko Maskorra jasotzeko berriro oholtzara igo zenean. «Zinema maitasunagatik egiten da», esan zuen Vermutek.
Kritika onak eta harrera beroa jasota, kiniela askotan agertzen zen Loreak, Sail Ofizialeko lehiara aurkeztutako euskarazko lehen lana, baina saririk gabe geratu da pelikula azkenean.
Iragan ezkutuko pertsonaiekin eta elkar gurutzatuko diren istorioekin osatu du Vermutek Magical Girl. Leuzemia duen alabari soineko berezi bat erosteko edozer egiteko prest dagoen irakasle langabe bat (Luis Bermejo), buruko eritasun bat duen neska gazte bat (Barbara Lennie), eta iragan iluna duen irakasle erretiratu bat (Jose Sacristan) dira filmeko protagonistak. Zuzendariak Madrilen eta krisi ekonomikoaren testuinguruan kokatu ditu hiru pertsonaien istorioak; uneren batean muturreko erabaki dramatikoak hartzera behartuta ikusiko dute beren burua. Filmak oso harrera ona jaso zuen Kursaaleko ikusleengandik.
Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Paprika Steen danimarkarrarentzat izan da, Stille hjerte/Silent Heart filmean egindako lanagatik. «Nire hirugarren aldia da Donostian, nire zinema jaialdirik gogokoena izango da aurrerantzean», esan zuen aktoreak, saria jaso berritan. Bille August zuzendariari eskerrak eman zizkion, besteren artean. «Mila esker nire adineko emakumeentzat filmak egiteagatik!», gehitu zuen, txantxa keinu bat eginez. Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Javier Gutierrez espainiarrak eraman zuen, La isla mínima thrillerrean interpretatu duen poliziaren pertsonaiagatik. Filmeko beste polizia protagonistaren rola jokatu duen Raul Arevalo aktoreak jaso zuen saria haren izenean, Bilboko Arriaga antzokian baitzegoen Gutierrez atzo iluntzean, Macbeth antzezten. Irabazlearen gutun bat irakurri zuen lankideak, filmeko talde osoari eskerrak emanez hasten zena. Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari ere mezua bidali zion Gutierrezek, Espainiako zinemagintzarekiko «axolagabekeria eta tratu txarra» erakutsi dituelakoan: «Zinema hau geurea da, baina ez ahaztu zeurea ere badela, beraz, zaindu ezazu».
Gutierrezena ez zen izan La isla mínima-k irabazitako sari bakarra, Argazki onenaren saria ere eraman baitzuen. Alex Catalan argazki zuzendariak jaso zuen garaikurra, eta «filmaren atmosferari» emandako saria dela iritzita, Alberto Rodriguez zuzendaria eta talde osoa zoriondu zituen. Beste thriller batek, Michael R. Roskam zuzendariaren The Drop ekoizpen estatubatuarrak eraman zuen Gidoi onenaren saria. Dennis Lehanek idatzitako testua saritu du horrela epaimahaiak.
Cedric Kahnen Vie sauvage-ri eman zion epaimahaiak bere Sari Berezia, «pertsonen barne kontraesanak» erakusteko egindako ahaleginagatik. Pelikulan parte hartu duen talde osoarekin partekatu zuen saria zinemagile frantsesak.
'Negociador' ere saritua
Borja Kobeagak eraman du Euskal Zinemaren Irizar saria, Negociador filmagatik. Angel Aldarondoren eskutik jaso zuen garaikurra zuzendari donostiarrak, eta pozarren agertu zen. Aurtengo Zinemaldian euskal zinemak erakutsitako maila goraipatu zuen, Jose Mari Goenaga, Jon Garaño, Pablo Malo eta Roberto Caston zinemagileei aipamen berezia egitearekin batera. PSOEren gobernuaren eta ETAren artean izandako elkarrizketen inguruan osatu du lana zinemagileak, eta egungo testuinguruaz mintzatu zen saria jasotzerakoan. «Jende askori esker, bake eta lasaitasun garai bat bizitzen ari gara», adierazi zuen, «bakearen alde gehien egin dutenak kartzelan edo bazter utzita» daudela gaineratuta. Gurasoei eskaini zien saria Kobeagak.
Publikoaren Saria, berriz, The Salt of the Earth-ek eraman zuen; Wim Wendersek Sebastiao Salgado argazkilariaren bizitzari eta lanari buruz egindako lana da.
Zinema latinoamerikarra sustatzeko Horizontes Sariaren irabazlea Alonso Ruizpalacios zinemagile mexikarraren Güeros izan da; «bere lengoaia zinematografikoaren ausardiagatik» saritu dute, epaimahaiburuaren hitzetan —Gazteriaren saria ere eraman du filmak—. Horizontes Latinos saileko beste bi pelikulari aipamen berezia ere egin nahi izan zien epaimahaiak: Gente de bien eta Ciencias naturales.
Zuzendari Berriak atalean, berriz, Kristina Grozeva eta Petar Valchanov zinemagileen Urok / The Lesson pelikula saritu zuten. Juris Kursietisen Modris filmari aipamen berezia egin zioten.
ZINEMALDIA
Zinemaldiko sarien balorazioa 'Zurriolako butaka'-n
Carlos Vermuten 'Magical Girl' filmak irabazi du Urrezko Maskorra. Zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra ere jaso du zinemagile espainiarrak. Paprika Steen eta Javier Gutierrezentzat izan dira aktore onenarenak. Bideoa: Inaxio Esnaolak eta Urtzi Urkizuk sariak aztergai izan dituzte 'Zurriolako butaka' saio berezian (BerriaTB-HamaikaTB). [berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2210/[/berriatb]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu