Donostiako Zinemaldiak 60 urte bete ditu, eta aurtengo sail ofizialeko kartelak harro erakusten du zenbakia. Dantzan dabilen 60a da, aurrera eta atzera, mugimendua irudikatuz. Azken finean, mugimenduaren ilusioa lortzen duten irudien sekuentzia bat da zinema. Irudi horren antzera, aurtengo Zinemaldiak aurrera eta atzera begiratuko du. Very Funny Things. Amerikar komedia berria sailak AEBetako umorezko zinemaren joerak jasoko ditu, eta Zinema eraikitzen. Hamar urte Latinoamerikako zinemarekin sailean azken urteetan zikloan aurkeztutako hainbat film berreskuratuko dituzte. Gainera, jaialdiak Georges Franju Frantziako zinemagilearen lana gogoratuko du.
Baina Zinemaldiak ez du soilik atzera begiratuko; etorkizuna, berritasuna eta gaztetasuna dira aurtengo helburuak. Sail ofizialeko estreinaldiez gain, Zuzendari Berriak sailak nazioarterako leihoa irekiko die zineman lehen pausoak ematen ari direnei, eta Zabaltegi sailak aurten egindako nazioarteko film esanguratsuenak bilduko ditu. Horizontes Latinos sailak Latinoamerikan egindako filmak eskainiko ditu.
1953an Donostiako Merkataritza Elkarteak Zinemaldia sortu zuenetik, jaialdia nazioarteko zinemaren maila goreneko ataria izan da. Egindako ibilbidea harro egoteko modukoa dela esan du Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak, baina, iraganari garrantzia kendu gabe, aurrera begira jarri du jaialdia. Rebordinosen esanetan, aurtengoa amesteko eta gozatzeko izango da: «Kulturarekin inoiz baino lotuago gaude Donostia 2016 proiektuari esker». Sailetako kartelen aukeraketarako lehiaketan 1.307 proposamen jaso dituztela gogoratu du pozik: «Parte hartzea ikaragarria izan da». Aurten, sailak aurkezteko bideoak egin dituzte aurreko edizioetako filmen irudiekin. Horrez gain, Maialen Beloki Zinemaldiko filmen aukeraketa batzordean izango dela jakinarazi dute.
1. Sail ofiziala
Angel Caño Eurosintesis estudioko zuzendari donostiarrak diseinatu du aurtengo sail ofizialeko 60 Cine(tico) kartela. Beltzez eta letra larriz idatzitako 60 zenbakia da erabateko protagonista, hondo zuri baten gainean. Jaialdia deskribatzen duten letrak, aldiz, gorriak dira, glamour-a eta Kursaaleko alfonbra gorria irudikatuz. Zenbakia, ordea, mugimenduan dago, kartela taumatropoaren ideiarekin diseinatua dagoelako. Cañoren esanetan, mugimenduaren ilusioa irudikatzea da helburua: «Estetikoki soila da, baina ikusmenari kolpe handia ematen dio».
2. Zuzendari Berriak
Valentina Adorniren argazki batean oinarri hartuta, Zuzendari Berriak saileko kartela egin du Pedro Rodriguez ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoak. Quién es quién izendatu du irudia, eta gazte baten erretratua ikus daiteke, kartelaren hitzek aurpegia estaltzen diotela. Sailera aurkeztutako zinemagile berrien irabazleak 90.000 euroko saria irabaziko du.
3. Zabaltegi
Franklin J. Schaffner zuzendariaren Planet of the Apes filmaren eszena ezagunenetakoa birsortu du Iñigo Beldarrain Donostiako Horigami estudioaren sortzaileak. Urtero bezala, bi azpisail egongo dira: Zabaltegi Perlak, urteko film onenak bilduko dituena, eta Zabaltegi Bereziak, inolako arau, genero edo iraupen bereizketarik gabe, soilik interesagatik aukeratutako lanak eskainiko dituena. Perlak saileko film irabazleak 60.000 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak, 20.000 eurokoa.
4. Horizontes Latinos
Horizontes Latinos saileko kartela buruz behera jarritako hiri handi baten irudi batek osatzen du. Etxebizitzen eraikinen azpitik, itsasertza eta zerumuga ikus daitezke. Toni Ponti eta Roberto Ruiz Ruiz&Ponti talde artistikoaren kideek diseinatu dute kartela. Latinoamerikako aurtengo film esanguratsuenak bilduko ditu sailak, eta irabazleak 35.000 euroko saria jasoko du.
5. Georges Franju
Zinemaldiak Georges Franju (Fougueres, 1912-Paris, 1987) zinemagilearen lanaren atzera begirako zikloa eskainiko du. Garrantzi handiko zuzendaria izan zen Frantzian; filmak egiteaz gain, Frantziako Zinemateka sortu zuen. Dokumentalak egiten eman zituen lehen pausoak, baina haren lanik esanguratsuenak fikziozko filmak dira. Harenak dira, besteak beste, La tête contre les murs, Les yeux sans visage eta Judex pelikulak. Kartela Nuits Rouges filmean oinarrituta dago.
6. 'Zinema eraikitzen. Hamar urte Latinoamerikako zinemarekin'
Roberto Cuetok egin du Zinema eraikitzen. Hamar urte Latinoamerikako zinemarekin zikloaren kartela. San Telmo museoarekin batera, aurretik zikloan izandako filmen atzera begirako zilkloa eskainiko dute.
7. 'Very Funny Things. Amerikar komedia berria'
AEBetan azken hogei urteetan umorezko generoak izan duen garrantzia erakutsiko du Very Funny Things. Amerikar komedia berria atzera begirako zikloak. Besteak beste, Peter Farrelly, Todd Phillips, Ben Stiller, Will Ferrell, Tina Fey eta Matt Stone zinemagileen 30 film eskainiko dituzte.
Zinemaren ataria 60 urtez
Donostiako Zinemaldiaren sailak eta zikloak irudikatzeko aukeratutako kartelak aurkeztu dituzteAngel Caño sail ofizialeko irudiaren egileak 60 zenbakiaren garrantzia islatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu