Kultura. Zinema

Zinemaren dirdira

Gorabeheratsua izan da euskal zinemaren emaria urtez urte, eta 2011koa bereziki oparoa izan den arren, beherantz jo dute hurrengo urteetarako aurreikuspenek, batez ere, diru laguntzak murrizteagatik.

Inigo Astiz
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Izaten hasten denerako, ez da. Izateko zorian, baina erabat izateko besteko zoririk gabe. Existentzia gorabeheratsua du euskal zinemak. Bada, baina dirdirka baino ez; itzali eta piztu, agertu eta ezkutatu. Film puntualak badaude, baina nekez esan liteke industriarik badenik. Bereziki emari oparoa izan da 2011koa, halere. Ona neurriz, aniztasunez eta kalitatez, eta zerrenda da froga: Arriya; Urteberri on,amona!; Bi anai; Gartxot eta Bertsolari. Ez da kasualitatea izan, ezta salbuespena ere. Aktoreak badaude, zuzendariak eta teknikoak, eta izan da publikoa ere. Ez dirudi, ordea, denbora batez halakorik errepikatuko denik. Behera egingo dute zinemagintzari eskainitako laguntzek, eta formula sinplea da, zinema munduan dabiltzanen hitzetan: diru laguntza gutxiago, film gutxiago.

«Euskarazko zinemagintza badagoela argi dago, baina beste kontu bat da hori zenbateraino den industria bat». Bi adar horien artean kokatzen du euskal produkzioa Mikel Garcia kazetari eta zinema adituak: kasuaren eta fenomenoaren artean. Argiak eta itzalak, biak ikusten ditu hark. «Ez dut uste loraldirik aipa daitekeenik, baina baikor izateko aukera badagoela uste dut; ohitzen ari gara euskaraz sortutako mota guztietako lanak ikustera, eta, bide horri helduta, 2012ari begira, eskaintza arriskatu eta originalak ere izango ditugu. Baikor izan gaitezke alde horretatik, baina baita ezkor ere, finantzaketa iturriak huts egiten hasten diren unetik zailtasun handiak izango direlako».

«Gure oztopo nagusia tamaina da». Beñat Ibarrera produktorearen hitzak dira. Orio produkzio etxeko zinema alorreko arduraduna da, Bi anai filmaren produktorea, eta, dioenez, txikiegia da euskaldunen kopurua Euskal Herrian industria indartsu bat sortu ahal izateko. «Hiru milioi inguru biztanle gara, eta euskaldun kopurua nabarmen da txikiagoa. Gehiago bagina, gehiago produzituko genukeen. Oso merkatu txikia da gurea. Azpidatziak jartzea badago, baina nagusiki euskaldunek osatzen dute gure merkatua».

Halere, piztualdi bat gertatu da 2006tik hona, Ibarreraren hitzetan. Denbora luzez euskarazko titulurik ez zen izan aretoetan, harik eta Aupa Etxebeste! eta haiek produzitutako Kutsidazu bidea, Ixabel agertu ziren arte. Urtean lan bat heltzen zen aretoetara orduan, eta, azkenaldian, igo egin da kopuru hori. Erabaki politiko baten ondorio zuzena izan da igoera, dioenez. «Igo egin da lanen kopurua, diru laguntzak hobetu egin direlako, eta ETBren konpromisoa sendoagoa izan delako. Produktoreoi horrek eman digu aukera zinema gehiago egiteko». 2011ko uztarena «kointzidentzia» kontua izan da, batez ere, Ibarreraren hitzetan. «Loraldiak ematen dira, baita hutsune urteak ere. Iazkoa loraldi urtea izan zen».

Etorkizun zantzuak

Bestelako egoera ekonomiko baten azken aztarna ere bada 2011koa, dioenez. «Pelikulak egiten nahikoa tardatzen dugu, eta krisi aurreko garai haien azken labealdia izango da hau. Orain, gerrikoa estutzea tokatuko zaigu». Badaude etorkizunak nondik jo dezakeen adierazten duten zantzuak, Garciaren ustez, eta Telmo Esnal zinema zuzendariaren kasua aipatzen du. «Esana du asko kosta zitzaiola Urteberri on, amona! filmaren finantzaketa lortzea, eta horrek eman dezake neurri bat. Aupa Etxebeste! lanarekin arrakasta izan arren —700.000 ikusle baino gehiago—, bigarren film luzea egiteko garaian halako oztopoak izan baditu, imajinatzekoa da nolakoa den panorama, eta hemendik aurrera nolakoak izango diren gauzak».

«Testuingurua da dena», dio Imanol Rayok. Bi anai filma estreinatu zuen 2011n, eta Zinemaldian saria jaso zuen euskal zinemaren atalean, eta kritika onak jaso ditu. Aitortu duenez, aurrekontu estua izan dute, baina testuinguru ekonomikoa bestelakoa zen finantzaketa lortu zutenean. «ETB laguntza garrantzitsu bat ematen hasi zen euskal zinemari, eta hori izan da orain euskarazko hainbeste lan ikusi ahal izateko giltza. Ez dago horri kontra egingo dionik. Politika nondik joaten den, eragin zuzena izango du produkzioan. Hauek oso denboraldi ederrak izan dira. Izan dira oso lan onak. Egon dira industria kimuak, baina zaila izango da industriarik sortzea; Espainian ere ez dute lortu, eta nekez egingo dugu hemen. Denboraldi ilunagoa heldu da orain kopuru aldetik, baina ikusi egin beharko da kalitatearekin zer pasatzen den. Lehia handiagoa izango da, eta egingo direnak hautatuagoak izango dira. Filtro zorrotzagoak pasatu beharko dira».

«Oso aberatsa izan da 2011», dio Alberto Gorritiberea zinema zuzendariak. Arriya izeneko filma estreinatu zuen hark, Euskal Herriko bi familiaren arteko gatazkari buruzkoa. Globalizazioaren eraginaz mintzo da, halere; hari zor omen zaio-eta iazko uztaren aniztasuna. «Gartxot [animaziozko helduentzako film luzea], Bertsolari [film dokumentala], Arriya [fikziozko lan luzea]... Oso film ezberdinak dira denak, eta bakoitzak bere erreferenteak ditu, eta, ziur aski, ez daude hemen hurbil. Zinema osorako sarbidea dugu egun, eta hala izaten denean aberastu egiten da arte sorkuntza. Oso polita izan da. Niri gustatzen zait hemen dagoen abanikoa». Datorren urtean ere izango da euskarazko zinema alerik: Peio Cachenauteren Xora, Iban Aiestaren Vera, Patxo Telleria eta Aitor Mazoren Nemekitepá...

Segidarik izatea, ordea, zaila izango dela dio Gorritibereak. Ataka batean dago zinema orain, haren hitzetan. Zinemagintza, oro har, eta, ondorioz, baita euskal zinemagintza ere. «Jendea ez da joaten zinemara. Telebistarako eta zinemarako lanek dituzten ikusle kopuruak alderatzea besterik ez dago horretaz ohartzeko. Sarean ikusten dira egun film gehienak. Telebistak lortzen dituen ikusleak lortzeko zineman gastatu beharreko dirua ikaragarria da. Eztabaida badago hor, eta nik ez dakit nondik jo behar den, baina eztabaidatu beharra dago. Jendeak ez du lehen bezala irakurtzen ikus-entzunezko hizkuntza, eta aldatu beharra dugu denok. Positiboa izan daiteke hori».

Kanpora joatearen garrantziaz mintzo da Rayo, esaterako. Azpiegituraren beharraz. Hor ikusten dio euskarazko zinemari aterabide bat, zaila dela jakinik ere. «Bi anai Europan interesez begiratu dute, baina etxe askok atzera egin dute euskarazkoa delako. Halako nortasun markatuko filmekin lan egiterakoan, merkatu handiagoetara heltzeko aukera handiagoa duten hizkuntzak bilatzen dituzte, ingelesa, adibidez. Aki Kaurismaki zinemagile finlandiarrak ere frantsesez errodatu du bere azken lana. Oso esanguratsua da hori. Gure kasuan, oso ongi joan da filma Euskal Herrian, eta Madrilen ere estreinatzea lortu dugu. Kostata. Industrialki oraindik arazo hori badago. Mundu globalizatuan frankotiratzaile bat zara halako produktu batekin». Horregatik dio filma nora eraman oso argi izan behar dela.

Laguntzak hizkuntzari

Azken urteetan euskarazko zinemaren alde erakunde publikoek egin duten bultzada nabarmena izan dela dio Gorritibereak. Kritikoa ere bada, ordea, eta bere kasu partikularra aipatu du. Euskara, gaztelania eta frantsesa, hirurak entzuten dira Arriya-n. Hizkuntzen arteko jolas hori ere artistikoki interesgarria izan zitekeela uste zuelako egin zuen hautua Gorritibereak, baina ekonomikoak izan dira ondorioak. «Diru kopuru txikiagoa jaso dugu hautu horregatik. Ez dut uste horrek izan behar lukeenik mugatzailea film hau ateratzeko edo ez ateratzeko mugan ibili behar izateko. Kontuz ibiltzeko gaia da, ze bestela industria bat izango dugu, baina, beharbada, industria arte sorkuntzaren gainetik jarriko dugu».

Diskriminazio positiboa egon badago. Dena ez zen zinemarako, baina, iaz, 1.920.000 euroko laguntza eman zuen Eusko Jaurlaritzak ikus-entzunezko produkzioak laguntzeko. Kopuru horren ehuneko bat euskarazko proiektuetarako erreserbatuta dagoela zehazten du deialdiak, eta 300.000 euroan zehazten du euskal zinemarentzako gorde beharreko zenbateko hori, fikziozko lan luzeen kasuan. Horrez gainera, 150.600 euroko laguntza eman zuen gidoiak idatzi ahal izateko, eta 250.800 eurokoa promoziorako. Gidoien kasuan ere, bereizi egiten dira euskarazkoak eta gaztelaniazkoak.

Nafarroako Gobernuak ez du, ordea, halako bereizketa argirik. Ez dago euskararentzako gordetako diru kopururik, eta deialdira aurkezten diren proiektuak baloratzerakoan kontuan hartu beharreko irizpide bat gehiago baino ez da hizkuntzarena. Proiektu batek balorazioan lor ditzakeen ehun puntuetatik bost soilik eskura ditzake euskaraz errodatzeagatik. 166.000 eurokoa izan zen iaz zinemagintzari eskainitako laguntza, eta hiru filmen produkzioa laguntzeko erabili zen dirua. Euskarazko bat ere ez haien artean.

Ezeizaren itzala

2011ko uztako filmek jaso dute saririk, izan dute prestigiorik eta izan dute kalitaterik ere. Euskal zinema zinez izan da zinema urte honetan, baina hain zuzen ere euskal hori bilakatu da eztabaidagaia azken denboraldian. Itzuli egin da berriki hamarkadak dituen eztabaida. Orain hilabete gertatu zen Antton Ezeiza zinemagilearen heriotzak berpiztu du gaia. Euskarazko zinemaren aitzindari izan zen Ezeiza, baita haren inguruko teorialari nagusietariko bat ere. Euskal zinema euskaraz egindakoa zela zioen, euskal estetika bat izan behar zuela eta herrigintzarekin loturik egon behar zuela.

Egun, zinemagileak pragmatikoagoak direla dio, ordea, Garcia kazetariak. Egitea da giltza haien ustez; ongi egitea. Euskal zinema hitzen binomioan, batez ere, zinema hitzari erreparatzen diotela, alegia. Hori da, behintzat, euskaraz zein gaztelaniaz aritzen diren hamahiru zinemagile elkarrizketatuta osatu duen Zeluloidezko begiradakliburuan igartzen den ondorioa. «Ezeizak idatzita utzi zituen bere gogoetak. Beste zinemagile hauek ere badituzte beren teoria propioak, idatzita utzi ez dituzten arren. Ni nahiko praktikaren aldekoa naiz. Zinemagileek uzten dizkiguten pelikuletan ematen dizkigute beren irizpideen aztarnak eta erakusten dute zein den egin nahi duten bidea. Kalitate handiko zinema ari dira egiten, eta lan horietan ere ikus liteke zein diren beren zinemagintzari buruzko irizpideak».

Onartzen du eztabaida bizirik dagoela Anjel Lertxundi idazle eta gidoigileak, baina hark aspaldi eman zuen bukatutzat. «1985ean, Hamaseigarrenean aidanez filma zuzentzen nenbilenean ere esaten nuen eztabaida hark nazkatuta ninduela. Literaturan genuen eztabaida pasa zen zinemara orduan, eta niretzat euskal literatura irizpide linguistikoaren bidez definitzen dudanez, berdina egiten dute zinemarekin ere. Euskal zinema da euskaraz egiten dena. Orduan ez nuen zalantzarik, eta orain gutxiago». Literaturarekin jarraitzen du azalpena. «Euskal literaturak bide bat egin badu azken urteotan, izan da idazlearekin batera irakurlegoak ere bide hori egin duelako. Batera heldu gara. Zineman ere hori gertatu behar luke, baina ez da hala».

Herrentasun batez mintzo da, horregatik, Lertxundi. «Euskal zinemaz hitz egiten dugunean, tamalez, beti hitz egiten dugu egileez; zuzendari, aktore eta teknikariez. Baina ez badago banaketa onik, zinema aretoen konpromiso onik eta publikoaren konpromiso onik, beti ibiliko da herrenka». 2011ri begira egin du froga Lertxundik. «Produkzio aldetik, ez dago zalantzarik; oso ona izan da, eta nekez izango dugu hoberik denboraldi batean. Gizartearen inplikazioaz berdina esan al liteke? Egia da publikoa ohi baino gehiago mobilizatu dela, baina hala ere, eskas».

Hamaseigarrenean aidanez filma euskarazko fikziozko lehen filmetariko bat izan zen Franco hil ostean, baina bazuen aurrekaririk ere. «Oinarri bat bazegoen, Ezeizak sorturiko Ikuska dokumental saila, adibidez. Nik gogoratzen dudana da garai hura oso garai apasionantea zela. Hutsetik ari ginen. Antzerkitik zetozen aktoreak, lagunak jartzen genituen bestela... eta alde teknikoan ere antzera. Orduan bazegoen sinesmen bat kanpora begira ere zinemak funtzio propagandistikoa egin zezakeela, zentzurik onenean. Euskara eta Euskal Herria ezagutarazteko tresna moderno aparta izan zitekeela. Politikari batzuek ere garbi izan zuten hori, baina berehala itzali zen ustea. Zinemaren indarrean sinesten zen orduan. Gaur ez dauka zinemak halako erakarmen eta itzalik».

Irauten duena

Bere Zorion perfektua liburuaren zinemarako moldaketan ere zeharka parte hartu zuen Lertxundik 2009an. Denbora ez da alferrik pasatu. «Amerika deskubritzen ari bagina bezalako giro bat bazegoen orduan. Zorion perfektua-n bazegoen bestelako normaltasun eta profesionaltasun bat. Han zebilen jendeak bazekien zer zapaltzen zuen». Profesionaltasuna nabarmentzen du, eta, hain zuzen ere, hori da euskal zinema piztu eta itzali ibili arren mantendu behar litzatekeena. Hori da giltza. «Aktore trebatuak badauzkagu, teknikoak ere bai. Horrek ematen du euskal zinemagintza Guadiana baten pare agertu eta desagertu ibili arren iraupen bat. Ez daukazu berriro ere hutsetik hasi beharrik. Hori da arriskurik handiena garai idorretan: eraiki eta sortu den hori galtzea. Datorren urtean bost edo lau pelikula egon baino garrantzitsuagoa da jende horren guztiaren egoera. Jende horrek eutsiko dio giroari, eta bere lanari eutsi beharko dio horretarako, horrek ziurtatzen du Guadiana horrek berriz ere argia ikustea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.