Zinemaren prestigioaz

Koldo Almandoz.
2010eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Azken urteotan, todokristok egin nahi du pelikula bat. Pelikula bat egitea, zinema zuzendari titulua eskuratzea, helburu bihurtu da askorentzat. Idazleak, musikariak, ekonomialariak, arkitektoak... Zergatik zinema zuzendari izateko grina hori? Arterik garaiena al da ba zinema? Zerk egiten du hain erakargarri? Zergatik zinema egin eta ez, adibidez, antzerkia? Susmatzen dut zinema zuzendariaren figurak duen prestigio soziala dela arrazoi nagusietako bat. Nondik datorkio ordea prestigio hori?

Don Siegel eta haren belaunaldikoak arotz, ingeniari, meatzari edo okin izan zitezkeen moduan ziren zinema zuzendari. Zeluloidearen bitartez istorioak kontatu nahi zituzten langileak ziren. Egun zuzendari askok ez du zinema zuzendari gisa lan egiten. Zinema zuzendari da. Egun osoan, uneoro, segundo bakoitzean zinema zuzendari. Nahiz eta bizitzan pelikula bakarra egin eta ekoizlearen txotxongilo gisa jokatu. Berdin dio. Garrantzizkoena edonola pelikula bat egin eta zinema zuzendari titulua eskuratzea da. Eta segidan, zinema zuzendariek gizartean duten ustezko pribilegio maila horrek ardura batzuk ekartzen dizkiela sinetsita, edozein gairen inguruan sermoia botatzen hasten zaizkigu. Zinema zuzendariek gizartearen egoera aztertu eta diagnosiak egiteko autoritatea eskuratzen dutelako automatikoki. Mundua salbatzeko misioan beren hare pikorra jartzeko beharra sentitzen dute. Zinema zuzendari izateak halako kutsu intelektuala ematen dio pertsonari, eta horrek gizarteko prestigio katearen goialdean kokatzen zaitu. Horrek guztiak, gainera, euren burua serioegi hartzera bultzatzen ditu. Euren buruaz barre egitea ahaztu egiten dute. Preseski, ez dago nire aldare pertsonalean, baina Jose Luis Garciri entzun nion duela pare bat hilabete ondorengoa. Futbol partida aspergarri bat ikusten ari zen El Molinon futbol zelaian, eta ikusle batek zera bota omen zion jokalari bati: «Garciren pelikula bat baino motelagoa zara!». Egun, zinema zuzendari gutxik onartu eta kontatuko luke halakorik publikoki.

Zinema pantailak lilura sortzen du, eta lilura horrekin harremanetan dagoenak uste du zuzenean kutsatuta geratzen dela. Horregatik pelikulak egiteko grina hori, askotan, pipiak argira hurbiltzen direnean bezala, euren hegalek kristalaren aurka jotzen dutenean zarata eta itzala besterik egiten ez dutela jabetu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.