Txaloaldi luzea jaso du Roman Polanskiren Carnage pelikulak Mostran, eta Urrezko Lehoia irabazteko faboritoen artean toki bat izatea espero da, Veneziako jaialdia oraino hastapenetan bada ere eta sail ofizialean lehiatuko diren filmen mailaren berri izateko garaiz izan arren.
Nolanahi den, Polanskiren Carnage-k festibaleko ikusleak liluratu zituen atzo. Ez da harritzekoa, lau aktoreen interpretazio bikaina kontuan harturik. Jodie Fosterrek, Kate Winsletek, Christoph Waltzek eta John C. Reillyk egin dute lan Polanskiren aginduetara. Eta Veneziara joan ez den zuzendaria omentzeko baliatu duteagerraldia. Filmaren arrakastaren erantzule nagusia Polanski bera dela diote; hots, esaldi, eten eta keinu bakoitza egoki neurtu eta uztartua egotea Polanskiren zehaztasun zorrotzari zor diotela.
«Xehetasun ugariko istorioa da», Winsleten arabera. Obra larria, gogorra, indar handikoa eta trinkoa, Yasmina Rezak berak egokitutako gidoiak eskatzen duenez. Rezaren Le Dieu du Carnage antzezlanak bezala, beren 11 urteko seme-alabek eztabaida bat izan ondoren liskarra izango duten guraso bikote biren istorioa jasotzen du Polanskiren Carnage-k.
Lau pareten artean garatzen da bere gehienean. Gurasoetako batzuen etxeko salan. Horrek zaildu egin du aktoreen lana, baina beren artean giro ikaragarria egon dela diote. Eta igarri egiten da filmean. Bi astez entseatu zuten grabatzen hasi aurretik. Eta astia izan zuten Polanskik gura zuen giroaz jabetzeko. Izan ere, Polanskik ez dio Rezaren antzezlanari estuki jarraitu, giro itogarriaren erdian itxaropenak tarte bat ere hartzen baitu.
Waltzen arabera, «filmaketa konfinamendu moduko bat izan zen. Jende ugari geunden toki txiki eta itxian». Baina hura ez zen arazo izan Polanskirentzat. Kontrara: hori berori baita zuzendariaren abilezietako bat, zehaztasuna muturreraino eramatekoa. Eta, zalantzarik gabe, hori da filmaren bikaintasunaren gakoetako bat. Ez bakarra. Aktoreen lana sekulakoa baita. Ez dituzte pertsonaiak antzezten; bizi egiten dituzte. Filmean ez dago une epikorik, musika eta paisaia arranditsurik. Pertsonaiak baino ez. Tarteka zintzoak dira, marteka faltsuak; orain gozoak, ondoren zakarrak. Dena dela, Polanskiren lanak ez du Rezaren antzezlanaren amaiera. Polanskik beste aukera batzuei zabaldu dizkie ateak. «Niretzat zaila izan da aldaketa egitea, baina amaiera irekia nahi zuen berak», esan du Rezak.
Emakumearen askapenaz
Madonnak arrakasta gutxiagoz aurkeztu zuen Mostran bigarrena duen filma, W. E. izenekoa. Lehiaketatik kanpo eskaini zuen «emakumearen askapenari eginiko kantua». XX. mendeko Ingalaterra eta egungo New York ageri dira filmean, Wallis Simpson eta Eduardo VIII.aren arteko istorioa jasotzen baitu batetik, eta Simpson eredutzat duen Wally Winthrop izeneko egungo emakume estatubatuarrarena bestetik. Eduard VIII.ak errege izateari uko egin zion Simpsonekin ezkondu ahal izateko. Winthropek, berriz, tratu txar psikologikoak zein fisikoak ematen dizkion senarrari aurre egin beharko dio. Poparen erreginak azaldu du Simpsonen istorioa gaur egunera ekarri nahi zuela, «eta edertasun eta glamour giro betean aurkeztu, bidenabar azaltzeko edertasunak ez duela zertan zoriona eman».
Andrea Risenborough (Simpson), Abbie Cornish (Winthrop) eta James D'Arcy (Eduard VIII. a) aktoreekin lan egin du oraingoan Madonnak.
Zorrotzenak ase ditu Polanskiren zehaztasun hutsik gabeak Mostran
'Carnage' aurkeztu du, Yasmina Rezaren teatro lanean oinarrituta; Madonnak 'W.E.' eskaini du lehiatik at
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu