Bertsolaritza

"Zortziko bikaina da"

Orain lau urteko formatu bera izango du igandean BEC erakustazokan jokatuko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak, eta kantuan arituko den zortzikoa kontuan harturik, “bermatutzat” jo dute antolatzaileek saioaren kalitatea ere

Gaurko prentsaurrekoa, BECn. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Inigo Astiz
2017ko abenduaren 12a
18:59
Entzun

Zehatz itxita ditu xehetasun guztiak Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko antolakuntzak igandean BEC erakustazokan jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako, baina, saioa aurkezteko egin den prentsaurrekoan argi gelditu denez, dena zabalik dago halere. Orain lau urteko finaleko ariketa berak egingo dituzte bertsolariek. Orain lau urteko finaleko kokapen bera izango du saioak. Eta Unai Agirre ere finalean izango delako ez balitz, orain lau urteko finaleko zortzikote bera izango da oholtzan. Eta, halere, dena izango da berri. 14.600 bertsozale bilduko ditu erakustazokak, 450 boluntario baino gehiago izango dira lanean, eta zortzi bertsolari baino ez oholtzan: Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Igor Elortza, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Unai Agirre. “Zortziko bikain bat da; saio borobil bat egiteko gaitasun bermatua dute”, zehaztu du Iñaki Murua Euskal Herriko Bertsozale elkarteko lehendakariak aurkezpenean, eta finalean egotea “ilusioa”, “motibazioa” eta “ardura” dela adierazi dute bertsolari gehienek. Bideoa: bertsolariak prentsaurrekoan (Argazki Press).

[youtube]https://youtu.be/eKckHlRxrEw[/youtube]

“Nobedade handirik ez da izango: duela lau urteko patroi berean jokatuko da txapela”, zehaztu du Muruak. Orain lau urteko ariketa berak izango dira saioan. 09:00etan irekiko dira ateak, eta bi zatitan banatuko dute eguna. 11:00etatik 14:30era 15 bertso puntuagarri kantatuko dituzte, eta bazkarirako etenaren ostean, 16:30ean bueltatuko dira bertsolariak oholtzara. 10 bertso puntuagarri kantatuko dituzte arratsaldeko saioan. Buruz burukora pasatzen diren bi bertsolariek, 11 bertso puntuagarri kantatuko dituzte gero, eta sari banaketa ekitaldia 20:00etan egingo dutela kalkulatzen dute antolatzaileek. Eta hor helduko da aurtengo finaleko beste nobedadeetariko bat: Xebastian Lizaso bertsolariak jantziko dio txapela finalean puntu gehien lortzen dituen bertsolariari.

Ezagun ditu Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketak Lizasok. 1982an izan zen lehenengoz final batean eta 1986an jantzi zuen bere lehen txapela. Txapelun orde izan zen gero 1989an eta 1997an, eta berak jantziko dio txapela igande honetan BEC erakustazokan jokatuko den finalean txapeldun suertatzen denari txapela janzten. “Lizasoren ibilbide osoari aitorpena egiten dio horrela Bertsozaleen Elkarteak”, adierazi du Iñaki Murua Bertsolari Txapelketa Nagusiko lehendakariak. “Plazaz plaza izugarrizko ekarpena egin duen bertsolaria da. Bertsolari moduan pedigria duela esan dezakegu, azkarra, ondo betetzen duena plaza ez ezik, lagunartea ere. Nik uste hizketan baino hobeto bertsotan ulertzen zaion bertsolari bakarretakoa dela”.

Txapelketarekin gustura

Orain arte txapelketak egindako ibilbidearekin pozik azaldu da Murua aurkezpenean. “Oso gustura gaude, sortu duen ilusioarekin, bertsoak izan duen lekua eta eraginarekin, zaletuen txisparekin, bertsogintzan eman zaion astinduarekin, bertsolariek egin duten etxekolan handiarekin, eta oholtzan aniztasun bikainean erakutsi diguten horrekin guztiarekin”. Horregatik, “bermatutzat” jo du saioaren kalitatea.

Finalean izango diren bertsolarien artean, Amets Arzallus da txapelketan orain arte kantatu ez duen bakarra. Berak irabazi zuen txapela orain lau urteko finalean, eta finalean postua ziurtatu dio horrek aurten. Orain arteko saioei jarraipena egin diela aitortu du, halere, finalaren aurkezpenean, eta ongi ikusten du bere burua. Eta taldea? “Nik uste dut bertsolai hauek hemen baldin badaude eserita berriz, lehen zeuden lekuan, horrek berak erantzuten diola galderari. Seinale da beren maila eman dutela, Uste dut bertsoaldi gogoangarri batzuk egon direla, eta txapelketaz harago helduko diren bertso batzuk ere bai. Uste dut talde honek bertsogintzan ematen duen maila aski berezia dela, eta uste dut frogatu dutela orain arte ere”.

Mintzola terraza

Mintzola terraza ere jarriko dute aurten Bertsozale elkartekoek. Ahozkotasunaren ikertzaile, aditu eta inprobisatzaileak bilduko dira bertan, eta haien arteko harremanak estutzea da antolatzaileen asmoa. AEBetako, Britainia Handiko eta Euskal Herriko Unibertsitateko eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ordezkariak izango dira terraza horretan. “Ikertzaileez gain, kantu inprobisatuko bestelako adierazpideetako ordezkariak ere izango ditugu”. Sardiniakoak, Galiziakoak, Kurdistangoak, rap abeslariak eta beste bilduko dira bertan, Muruak azaldutakoaren hitzetan. “Gonbidatu horiei berehalako itzulpena eskainiko zaie, gaztelerara eta ingelerara, baina terrazako gonbidatuei soilik”.

Bazkalorduko etena

Antolakuntzari dagokionez, Muruak zehaztu duenez, bazkariko tarterako egokituko dute BECeko seigarren pabiloia, esaterako. 600 pertsonak izango dute bertan katerin enpresa batek prestatutakoak jateko, eta mahaiak eta aulkiak ere jarriko dituzte janaria etxetik daramatenentzat. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da, eta autobus zerbitzua ere martxan dutela zehaztu du. Elkartearen webgunean zehaztuko dira zerbitzu horren nondik norakoak egunotan.

Igandean Barakaldon izaterik izango ez dutenek ere izango dute saioa jarraitzeko aukera. ETB1-ek oso-osorik eskainiko du finala zuzenean, Aitzol Barandiaran, Uxue Alberdi eta Ilaski Serranoren gidaritzapean. Horrez gain, www.bertsoa.eus wegbunean ere ikusi ahalko da finala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.