Ezohiko erakusketa ikus daiteke Mendikotako Algareki galerian (Zuberoa) azaroaren 10a arte. Adin eta estilo desberdinak dituzten hamabi artista zuberotar elkartu dituzte. Zizelketak, margoak eta beirateak ikus daitezke.
Galeria sortu zutenetik, 2011n, hainbat artista ezagunen edo ez hain ezagunen lanek okupatu dituzte galeriako paretak. Art Bizi eta Art Soule (Zuberoa) erakusketa kolektiboak imitatu gabe —urtero errepikatzen dira bi erakusketa horiek—, Zuberoan egiten den artearen sorta bat erakustea dute helburu galeriako arduradunek.
Artista batzuk ezagunak dira panoraman, baina beste hiruk lehen aldiz erakutsi dituzte haien lanak. Horietarik bat da Cecile Thoreau, beirateak erakusten dituen bakarra: «Ene lana pribatua da; etxean ditut beirateak. Aurkeztu zidaten galeriaren ibilmoldea, erranez artistak eta haien lan moldeak zabaltzea zela xedea, eta, azkenean, nihaurek proposatu nuen parte hartzea».
Artearekin loturak sortzen
Algareki ez da galeria arrunta. Gehienetan, bi artista biltzen dira erakusketa bakarrean, eta usu anitz dira estrena egunean. Pascale de Gilbert galeriako bi sortzaileetarik batek dioenaz, «Euskal Herrian bada artista anitz, baina harrigarri da zein gutxik elkar ezagutzen duten». Lotura hori egin nahi dute hain zuzen.
Batzuetan, auzoak izatea ez baita nahikoa. Erakusketa honetan parte hartzen duten Lutxo eskultorea eta Thoreau herri berean bizi dira. «Ikusi dudanean Lutxok egiten duena, eta hark nik egiten dudana, beirate baten koadroa egin dit».
Koldobika Jauregi, Iñaki Epelde, Patxi Laskarai eta Alberto Letamendi dira, besteak beste, galerian haien lanak erakutsi dituzten artista batzuk. Gonzalo Etxebarriak beste behin zintzilikatu ditu bere taulak oraingoan. Aitzinetik aipatu artisten artean, batek baino gehiagok parte hartzen du Algarekiren xedean, eta ezagutzaz ezagutza, artistaz artista, armiarma sarea handituz doa.
Artista ezagunak ikusleen amu badira ere, Algarekik sortzaile gazteei eta ezezagunei ere leku handia uzten die. Egun hauetan, Jokin Hullin zuberotarraren hainbat taula erakusgai dira. Galeriako bi arduradunek tailer bat utzi diote hilabete baterako, sortzeko baldintza onetan ari zedin. «Memento honetan zaila da, krisia bada, eta oraindik zailagoa da artistentzat. Ez da bertan behera uzteko momentua», De Gilberten iritziz.
Hiritik kanpo, baina libre
Nahiz eta orain ikusgai den erakusketak denetarik eskaintzen duen, galeriak bereziki arte garaikidea du proposatzen. Mendikotan, Mauletik hamar minutura, Baionatik oren bat baino gehiagora. «Jendea ez da erreski heldu, baina motibazioa badutenak jiten dira; batzuek 100 edo 150 kilometro egiten dituzte erakusketa ikusteko».
Baina De Gilbert dudarik gabe mintzo da kokapenaz: «Behar dugu minimo bat ibilmoldea segurtatzeko, baina ez dugu dirurik irabazi nahi artisten kontura». Gainera, haren ustez «ezin dira bereizi obra eta pertsona». Mendikotan izateak badu erakusketa honekin zerikusirik: «Ene ustez, hemen, badugu denek zerbait komuna: lur hau. Hain da azkarra, bakoitzak bere gisara transmititzen du energia hori berriz partekatzeko gero».
Galerian egiten den estreina bakoitzean, musika eta taloen inguruan, trukaketak sortzen dira. Giro bat sortzen da beti. Gero, «artista guztiek haien harria ekarri diote xedeari». Gainera, galeriako arduradunak honela dio, irriz: «Gehien ekarri duenak, Piarres Erdozaintzik, ez du sekula erakusketarik egin hemen».
Diru arazoek xedea dilindan ezarri bazuten ere, gibelean gelditu dira dudak, oraingoz. Erakusketa hau bukatu gabea delarik, ondoko xedeari pentsatzen hasia da De Gilbert. Mitoen inguruan, Euskal Herri osoko artista andana bat bildu nahi lituzke.
Zuberoako arte sorta
Mendikotako Algareki galeriak hamabi artista bildu ditu, denak zuberotarrak; zizelketak, margoak eta beirateak badiraGaleria arruntek ez bezala, artisten arteko harremanak bultzatzea dute xede
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu