Literatura. Pasarte hautatua. Ivo Andritx

'Zubi bat Drinaren gainean'

Ivo Andritx (Travnik, Bosnia, 1982-Belgrad, 1975), Drina ibaiaren ondoan. BERRIA / BERRIA.
2011ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bere ibilbide guztiaren zatirik handienean, Drina ibaia haitzarte meharretan aurrera igotzen da mendi malkarren artean, edo arroila sakonak zeharkatzen ditu, hormak zut ezker-eskuin. Haren ur ertzak alderdi gutxi batzuetan baizik ez dira haran irekietan zabaltzen eta ibaiaren alde batean nahiz bietan lurralde emankorrak eratzen, orain zelai, orain gorabeheratsu, laborantzarako eta jendearen bizilekurako egokiak. Zabaldi horietako bat hemen hasten da, Vixegraden, Drina ibaia bat-bateko bihurgune bat egin eta Butkoko haitzen eta Uzavnitza mendiaren arteko zintzur estu sakonetik sortzen den lekuan. Drinak paraje horretan egiten duen angelua guztiz zorrotza da, eta bi aldeetako mendiak hain dira amiltsuak eta hain daude batzuk besteetatik hurbil, ezen baitirudi tarterik gabeko masa bat dela eta ibaia horma ilun batetik sortzen dela zuzenean. Baina, supituki, mendiek banandu eta anfiteatro irregular bat osatzen dute, zeinaren diametroa tokirik zabalenean ez baita hamabost kilometrokoa baino handiagoa, alderik alde zuzen gurutzaturik.

NOBELA (HASIERA)

Jatorrizko hizkuntza: serbokroaziera.

Jatorrizko izenburua:

'Na Drini cuprija'.

Itzulpena: Karlos Zabala.

Argitaletxeak: Alberdania eta Elkar (Literatura Unibertsala bilduma).

Urtea: 2010.

Aurkezpena: XVI. mendetik XX.era, lau mende irauten duen kronika da Ivo Andritxen Zubi bat Drinaren gainean. Vixegrad hiriaren eta bertako bizilagunen poz eta atsekabeen kontakizun xehea, Drina ibaia eta haren gaineko zubia direlarik amodio eta gorrotoen lekuko, naturaren nahiz historiaren gorabeheren ikusle mutu. Liburu honen itzulpenarekin itzulpeneko Euskadi saria irabazi berri du Karlos Zabalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.