Zubi baten kronika

Ivo Andritxen 'Zubi bat Drinaren gainean' euskaratu du Karlos Zabalak Literatura Unibertsala bilduman

Ivo Andritx Vixegradeko Mehmed Pasa Sokolovitx zubi ondoan. A. BRENDA.
Jon Fernandez.
Donostia
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Lau mende pasa irauten duen kronika da Ivo Andritxek (1892-1975) idatzitako Zubi bat Drinaren gainean. Ia 500 orritan, XVI. mendetik XX. mendera bitartean Drina ibai ertzeko Vixegrad hirian gertaturikoak kontatu zituen idazle bosniarrak. Alberdania eta Elkar argitaletxeen eskutik, Karlos Zabalak itzuli du liburua Literatura Unibertsala bildumaren barruan. Euskarara ekarritako Andritxen lehen liburua da.

Drina ibaiaren gaineko Mehmed Pasa Sokolovitx zubia da liburuko protagonista nagusia. Turkiarrek 1571n eraiki eta austriarrek I. Mundu Gerran lehertu zuten. Hala ere, oraindik zutik dirau, eta gizadiaren ondare izendatua du Unescok. Liburua zubi baten kronika da, baina ez da gertaera historikoen kontaketa soila, Zabalaren arabera. «Literaturak xede handi bat duenaren uste sendoa zuen Andritxek. Kontalari on baten hitzek gure ekintzei argia ematen dietelakoan zegoen. Uste zuen gizateriaren egiazko historia ipuinetan eta kantuetan bilatu beharra dagoela».

Hainbat elezahar eta kanta herrikoi tartekatu zituen liburuan, atzean duten benetako istorioak argituz. Baina pertsonaia guztiak ez dira fikziozkoak. Zubia eraikitzea agindu zuen Mehmed Pasa Sokolovitx bizirraren historia kontatzen du, esaterako.

«Erraz, oso erraz eta bizkor» idatzi zuela liburua aitortu zuen Andritxek berak. 1942ko uztailean hasi eta 1943ko abenduan bukatu zuen. Urte eta erdian. Naziek okupatutako Belgraden alokatutako gelatik atera ere egin barik kasik, gelaz kanpoko gerrari ia erreparatu ere egin gabe. 1961ean Nobel Saria jaso zuen «bere herrialdearen historia islatzeko eta giza patuak deskribatzeko erabilitako indar epikoagatik». Sariaren diru guztia Bosnia eta Hertzegovinako liburu funtsak handitzeko eman zuen. 50. urteurrenaren harira, Zubi bat Drinaren gainean film bihurtzeko proiektua abiatu du Emir Kusturica zinegile eta musikari serbiarrak.

Andritxen indar epikoak orainera dakartza iraganeko pasadizoak, Zabalaren ustez. «Badirudi egungo irakurleari hitz egin nahi ziola. Are gehiago, denboran aurrera salto egin nahi du liburuak. Pasarte batzuk ezin dira oso lasai irakurri Bosnian 1992ko gerran zer gertatu zen jakinda».

Lovecraft ere euskaraz

Literatura Unibertsala bildumak Howard Philips Lovecraft (1890-1937) idazle estatubatuarraren Eromenaren mendietan liburua ere argitaratu du, Ainara Ruizek euskaratuta.

Poeren ondotik eleberri fantastikoak idatzi dituen idazlerik handienetakoa da Lovecraft. Eleberri hau ere haluzinazioz betea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.