Euskal antzerkigintza bultzatzeko eta konpainien eta programatzaileen arteko zubi lana egiteko asmoz sortu berri dute ZUbi egitasmoa, Euskal Antzerkiaren Sorkuntza Berriari Laguntzen lelopean. Hego eta Ipar Euskal Herriko zazpi eragilek bultzatu dute eta atzo goizean aurkeztu zuten Durangoko San Agustin Kultur Gunean (Bizkaia). Antzerki konpainiek irailaren 14ra arte aurkeztu ahalko dituzte beren proiektuen zirriborroak. Antzezlan sarituak ekoizpenerako diru laguntza jasotzearekin batera, laguntza artistikoa eta egitasmoko bultzatzaileen aretoetan erresidentzia hartzeko aukera emango zaie. Proiektu irabazleak zazpi emanaldiko bira segurtaturik izango du.
Egitasmoa bultzatu duten eragileak dira, besteak beste, Luhusoko Harri Xuri Karrikako arteen fabrika (Lapurdi), Donazaharreko Herri Antzokia (Nafarroa Beherea), Durangoko San Agustin Kultur Gunea (Bizkaia), Leioako Kultur Leioa (Bizkaia), Zornotzako Ametx Zornotza Aretoa (Bizkaia), Elorrioko Arriola Aretoa (Bizkaia) eta Aulestiko Artedrama Euskal Laborategia (Bizkaia).
Filgi Claverie Harri Xuri Karrikako arteen fabrikako zuzendari administratiboak eta egitasmoko bultzatzaileak azaldu bezala, eragileek urtebetez aritu dira euskal antzerkiaren egungo egoera aztertzen eta nahiko egoera kaxkarrarekin egin dute topo. Bide horretan, euskarazko lanen ekoizpenek gainditu beharreko oztopo ekonomikoei eta teknikoei aurre egiteko tresna berria sortu dutela argitu du. ZUbi aurten abiatu bada ere, egitasmoak segida izateko asmoa duela argitu dute antolatzaileek. Hala, urtero lan bat saritzeko asmoa dute. Lehenengo egonaldia 2013an izango da, eta espero dute 2013ko udazkenerako proiektuak lagundutako lehen lana estreinatu ahal izatea.
Ideia berriak sarituz
Antzezlan irabazlea proiektua bultzatzen duten zazpi kideek osatutako hautaketa batzordeak hautatuko du. Bi hilabetez ariko dira aurkeztutako proiektuen inguruan eztabaidatzen erabakia hartu aurretik, eta behar izanez gero, bilerak egingo dituzte artista zein konpainiekin haien proiektuak ahalik eta ongien ezagutzeko. Deialdia antzerki proiektu berri bat duen orori zabalduta dagoela argitu nahi izan dute. Eskaera orriak ZUbiko kideen webgunetan jarri dituzte eskuragai.
Oro har, bost irizpide nagusi izango dituzte lanak aukeratzeko. Lehenik eta behin, «desmartxa artistikoaren berritasuna eta zorroztasuna» sarituko dutela azaldu du Claveriek; izan ere, ideia berriak ez ezik, sortzaile berrien proiektuak ere bultzatzeko asmoa dute: «Gure ustez, euskal antzerkiaren etorkizuna gazteengan dago», azaldu du. Bigarrenik, euskarazko testuak sarituko dituzte, edo testurik gabeko lanak bestela. Guztiek ere proiektu abiatu berriak izan beharko dute. Horrez gain, formatu txikiko eta ertaineko lanak hobetsiko dituzte, bideragarriagoak direlako, aretoen baldintzetara moldatzeko aukera zabalagoa baitute. Azkenik, sorkuntzaren mediazioa publiko askorentzat izatea ere aintzat hartuko da, eskolak barne hartuta. Antzerkiko testuek gutxieneko eduki batzuk jorratu beharko dituzte proiektuaren zirriborroan. Denek ideia nagusia azaldu beharko dute, testua edo testuaren zirriborroa aurkeztu, formatuaren azalpena eman, eta aurrekontua eta egutegia zehaztu.
Euskal antzerkigintzan zenbait gabezia sumatuta sortu dute egitasmoa eragileek: «Lehen-lehenik, parte hartze eskasa sentitzen dugu hedatze egituren aldetik, elkar ekoizpenetan eta sortzeko egoitza egonaldietan», irizten dio Claveriek. Euskarazko lanen hedatze kostua handiagoa da, haien iritziz; izan ere, frantsesezko eta gaztelaniazko antzezlanekin alderatuta, emanaldi gutxiago izaten dituzte euskarazkoek. Halaber, konpainiek talde artistikoa egonkortzeko asmoz urtero lan berriak sortzen dituztela jabetu dira, eta, haien iritziz, ez da bideragarria artistikoki, ezta ekonomikoki ere.
ZUbi egitasmoa sortu dute zenbait eragilek euskarazko antzerkigintza sustatzeko
Urtero konpainia bati antzezlan bat ekoizteko laguntza ekonomiko eta artistikoa emango diote
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu