Zuzendaritza eta moldaketa: Claudio Tolcachir. Aktoreak: Carlos Hipolito, Gloria Muñoz, Fran Perea, Manuel Velasco. Lekua: Arriaga antzokia (Bilbo). Data: azaroak 11.
Agus Perez
II. Mundu Gerra amaitu eta bi urteren buruan idatzi zuen Arthur Millerrek All my Sons, bere lehen drama arrakastatsua. Anartean ez zen hasia geroan Miller bera harrapatuko zuen McCarthyren sorginen ehiza eta, beraz, posiblea zen AEBetako sistema askatasunez kritikatzea. Izan ere, gerrarako tresneria eginez eskrupulu gutxirekin aberastu zirenen jokaera da gatazka dramatikoaren funtsa, eta, eszena aurreko zuhaitz eroria bezala, gaia oso emankorra izan ahal zen ikuspegi politiko hutsetik.
Millerrek, ordea, jakituria handiz bideratu zuen kontua eta, gerrako enpresarien jokabidea agerian uztearen aitzakiarekin, beste planteamendu sakonago bati ekin zion. Eta hori pisutsua da, zeren eta pertsonaiak ihesbiderik gabe aurkitzen dira beraien betebehar moralei aurre egiteko tenorean, bizitzak paratutako dilema etikoen aurrean zirt edo zart egitera behartuta, Antzinatasuneko tragedia klasikoan gertatzen zen moduan.
Claudio Tolcachir argentinarra hiru lanekin bisitatu gaitu azken bi urteetan, baina aurreko bietan ikusitakoagatik -La omisión de la familia Coleman eta Tercer cuerpo- argi dago guztiz bat egiten duela Millerren filosofiarekin giza harremanen konplexutasunari eta gatazka etikoen trataerari dagokienez, eta nik uste dut horri esker hartu duela emanaldiak bere benetako dentsitatea. Izan ere, pertsonaiengan orain arte susmatzen ez genituen ñabardurak antzeman ditugu, beharbada testuan bertan bazeudelako, edo beharbada esangura handikoak izan direlako solasaldien erritmo naturala, pertsonaia bakoitzaren barne jarrera eta haiek guztiak eszenan kokatzeko manera.
Lau aktore nagusiek ere beraien rolen handitasunaren altueran egon dira eta testuak erabilitako sotiltasun berarekin eraiki dituzte pertsonaiak. Kasu batzuetan apurka-apurka agerrarazi dituzte euren barneko geruzak, eta beste batzuetan edozein preziotan saiatu dira ezkutatzen, patuak gordetako azken ezustea denen aurrean lehertu den arte.
Zuhaitz eroria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu