'Zuloak', 'Baypass' eta 'Baztan' filmak, Zinemaldiko Zabaltegi Bereziak sailean

Fermin Muguruzak zuzendutako lana eta Patxo Telleria eta Aitor Mazo bikoteak ondutakoa euskara hutsean filmatu dituzteJavier Rebollo eta Pablo Berger bilbotarren filmak Sail Ofizialean lehiatuko dira

Unax Ugalde aktore gasteiztarra, haur bat besoetan duela, Baztan filmeko une batean. Z / BERRIA.
Igor Susaeta.
Donostia
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herrian, Katalunian, Galizian eta Espainian ekoitzitako zein film emango dituzten jakinarazi zuten, atzo, Donostiako Zinemaldiaren antolatzaileek. Tartean daude euskara hutsean egindako bi. Batetik, Zuloak Fermin Muguruzak zuzendutako dokumentala. Eta, bestetik, Bypass Patxo Telleriak eta Aitor Mazok ondutako komedia. Zabaltegi Bereziak sailean emango dituzte biak. Sail berean sartu dute Iñaki Elizalderen Baztan. Euskaraz gain, alemana, ingelesa eta gaztelera ere erabili ditu zuzendari iruñearrak film horretan. Sail Ofizialean, berriz, Pablo Berger eta Javier Rebollo bilbotarren Blancanieves eta El muerto y ser feliz filmak, hurrenez hurren, Urrezko Maskorra irabazteko lehiatuko dira. Datorren irailaren 21a eta 29a bitartean egingo da Zinemaldiaren 60. aldia.

Barrura begiratzeko leihoak bost euskal preso politikori buruzko dokumentala Zinemaldiko hautaketa batzordeari aurkeztu zioten Zinez ekoiztetxekoek, baina antolatzaileek ez dute, oraingoz behintzat, hautatutako filmen zerrendan sartu.

Zuloak musika taldeari buruz Muguruzak egindako lana, berriz, Zabaltegi Bereziak atalean emango dute. 1970eko hamarkadatik aurrera ugalduz joan ziren riot girl taldeen moduan eratu zuen taldea Arrate Rodriguezek. «Andy Warholek bere Velvet Undreground sortu zuen modu berean, nik ere musika taldea moldatuko dut, Zuloak. Eta, aldi berean, ñabardura estetikoak, musika zuzendaritza eta abarrak zainduko ditut», zehaztu zuen Rodriguezek, proiektuaren berri eman zutenean. Osatu zuen taldea, eman zituzten emanaldi gutxi batzuk, baina gorabehera batzuk zirela medio, Rodriguezek taldea utzi zuen. Egindako ibilbidearen zati handi bat, ordea, bideoz filmatu zuen, eta bere ahizpa Eider Rodriguez idazleari pasatu zion. Hark, berriz, Muguruzari. Filmaturikoa sailkatu du musikariak, eta Eider Rodriguez lagun izan du gidoia lantzen.

Telleria eta Mazorena, berriz, elkarrekin egindako bigarren filma da. La máquina de pintar nubes zuzendu zuten orain hiru urte, eta, orain, euskara hutsean egindako lan batekin datoz. Komedia erromantiko bat da, Bilbon eta Bizkaiko zenbait tokitan filmatutakoa —Bartzelonan ere errodatu zuten zati txiki bat—, eta Mikel Losada, Sara Cozar, Itziar Atienza, Barbara Goenaga eta Gorka Otxoa dira aktore nagusiak. Hasieran Nemekitepá deitu behar zioten filmari.

Eta Elizalderen hirugarren lana, BaztanPatesnak, un cuento de Navidad (1998) film laburra eta Pietà (2009) zuzendu ditu aurretik—, film historikoa da, eta agotek jasandako bazterketa kontatzen du. Unax Ugaldek, Kandido Urangak, Joseba Apaolazak, Carmelo Gomezek eta Ramon Agirrek jokatu dituzte pertsonaia nagusien rolak. Zuzendariaren asmoa joan den otsailean estreinatzea zen, Berlingo zinemaldian.

McGregor eta Watts

Sail Ofizialari dagokionez, Rebollok soldatapeko hiltzaile zahar baten istorioa kontatzen du El muerto y ser feliz-en. Komedia beltzaren kutsua dauka. Bergerrek, berriz, Grimm anaien ipuin ezagunaren bertsioa egin du Blancanieves-en, baina 1920ko Espainian kokatuta. Eta Sail Ofizialean, baina lehiaketatik kanpo, Juan Antonio Bayonaren —El orfanato (2007)— The Impossible emango dute. Naomi Watts eta Ewan McGregor dira aktore nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.