Historia

Zumalakarregi Museoak 25. urtemuga ospatuko du igandean

XIX. mendea izan du orain arte museo horrek ardatz. Hemendik aurrera, XX. mendearen berri ematea izango du erronka.

2014ko uztailaren 15a
13:10
Entzun

XIX. mendera bideratzen du bere jarduna Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi museoak. Gisa horretan, XIX. mendeko Euskal Herriko bizimodua eta, bereziki, Karlistadak ezagutzeko erreferentziazko zentro bihurtu da.

1989ko maiatzaren 12an inaguratu zen museoa zumalakarregitarren Iriarte-Erdiko etxean, Imanol Murua diputatu nagusi zela. 25 urte bete dira, beraz, ireki zutela, eta, Garazi Lopez de Etxezarreta Gipuzkoako Kultura zuzendariak azaldu duenez, 25 urteotan museoa sektorearen eta herritarren beharretara egokituz joan da. Egun, museo aktibo, ireki, parte hartzaile eta berritzaile moduan definitzen da. Bertan, balio historikoa duten dohaintza eta eskurapenak egoteaz gain, jardunaldiak, ikerketen argitalpenak, aldi bateko erakusketak eta beste egiten dira, eta horri esker museoaren lana dibertsifikatu eta aberastu dela azaldu dute. 

Mende laurdena bete duela ospatzeko, urte osoan ekintza ugari antolatu dituzte, hainbat eragileren laguntzaz. Datorren iganderako, hilak 20, egun osoko eta ikusle guztientzako egitaraua antolatu dute Ormaiztegin bertan. Goizeko hamaiketan hasiko da festa, txalaparta soinuekin; ondoren, 11:30ean, bisita gidatu berezia izango da museoan. Ormaiztegi. Mila eta bat aurpegi deituriko tailerra ere egingo dute museo kanpoan. Eguerdi aldean, 12:30ean,  Gipuzkoako lehen batailoi karlistaren antzezpen historikoa egingo dute. Hori amaituta, eta goseari bide egiteko, 13:00ean triki poteoa egingo dute herrian; eta 14:30ean, herri bazkaria, eliza ondoko karpan. Egunari amaiera emateko, 16:30ean Korrontzi taldearen kontzertua egongo da.

Horrekin, baina, ez da ezer amaituko. Orain arteko ekintzez gain, aurrera begirako asmoak ere badituzte: Museoko Katalogoa berritzea eta 25 urte hauetan egindako lanak bilduko dituen ikus-entzunezko bat egitea, besteak beste.

Eta hemendik aurrera, zer? Lopez de Etxezarretak azpimarratu duenez, 25 urte hauetan museoak XIX. mendea eta Karlistadak ikertzeko egin duen lanari esker, beste erronka bat dute orain. XX. mendea eta garai hartako gerrek izandako eragina aztertzea, hain zuzen ere. Horrekin, museoaren norabide berriak markatu nahi dituzte, baina berezko esentzia galdu nahi gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.