Elkarlanean lagun bat gehiago izango du aurten Zurriolako butaka telebista saioak. BERRIA, Hamaika telebista eta Irutxuloko Hitza-rekin elkarlanean ariko da aurten Gaztezulo. Gazteentzako euskarazko komunikabideak hainbat bideo egingo ditu saiorako, batik bat euskal filmen inguruan.
Zinemaldiak irauten duen egunetan emango dute saioa BERRIAren webgunean —baita beste hiru hedabideetako webguneetan ere—. 11:00etan zuzenean eskainiko dute saioa, Internet bidez. Hamaika telebistak lurreko telebista digitaleko eta kable bidezko emanaldia, berriz, 20:00etan egingo du egunero; 22:00ak aldera errepikapena.
Inaxio Esnaola Hamaika telebistako kidea izango da saioko aurkezlea. Programak bederatzi emanaldi izango ditu, hilaren 18tik 27ra egunero; salbuespena hilaren 20a izango da, ez baita saiorik izango. Saiorako egingo diren piezak BERRIAren webgunean ere ikusi ahalko dira, bakarka.
Ostiral honetan hasiko da, beraz, saioa, Zinemaldiko aurreneko egunean. Aurreneko protagonista Bego Zubia izango da, Sagardoa bidegile dokumentalaren zuzendaria. Sagardoari buruzko lan hori igandean estreinatuko dute Zinemaldian. Aurreneko egunean Vinyland filmaz ere ariko dira. Halaber, Zinemaldiak prestatu dituen bi atzera begirakoen inguruko bideo bereziak ikusi ahalko dira Zurriolako butaka-n.
Aurreko hiru urteetan bezala, euskarazko filmek protagonismo berezia izango dute Zurriolako butaka-n. Aurten Amama filmak bereganatuko du zinemazale euskaldunen arreta, Sail Ofizialean lehian ariko baita. Asier Altuna Amama-ko zuzendaria saiora gonbidatuko dute, hilaren 22an.