Zuzentasunaren eta eromenaren artean

Coldplayk emanaldi aparta eta koloretsua eskaini zuen BBK Live jaialdiaren lehen egunean, baina gorabeheratsua ere bai. Blondiek eta Crystal Castlesek biribildu zuten lehen jardunaldi arrakastatsua.

Coldplay taldeko abeslari Chris Martin, Kobetamendiko emanaldian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Gabon, Bilbo! Zelan zaude?», esanez agurtu zituen Chris Martinek Coldplay ikustera joan ziren 37.500 ikusleak. Zoramena nagusitu zen orduan Kobetamendin, eta orduz geroztik kontzertu egoki eta zuzen bati eman zion jarraipena laukote ingelesak. Ikusleak gustura entzun zituzten euren pop doinuak.

Disko berrian agertuko den Hurts Like Heaven kantuarekin ekin zioten emanaldiari. Su festak ere ez ziren falta, ikuskizuna hastear zegoen seinale. Hasierako eromenari Yellow kantuak eman zion. Eta berriz ere euskaraz hitz egin zien ikusleei Martinek eskerrak emateko, eta barkamena eskatu zien euskarazko hitz gehiago ez jakiteagatik:«Bi orduko kontzertu baterako hiru hitz ikastea ez dago gaizki, ala?».

Coldplayk dena eman zuen BBK Liveko lehenengo egunean, baita ikuskizuna ere. Su festez gain, tximeleta itxurako konfetiak, laserrak eta globo erraldoiak ere ikuskizunaren parte izan ziren. Hala ere, azpimarratzekoa da agertokiaren atzeko aldean jarrita zeuden hiru pantaila erraldoiekin egin zuten une oroko jolasa. Irudi ezberdinak erakutsiz pantaila zatikatzen zuten, bateria kolpe bakoitzarekin lekuz aldatzen zirenak.

Kontzertuko soinua ere aparta izan zen, baina ikuskizun eta soinuarekin ez da ezer lortzen abesti ezegokiak aukeratzen badira. Eta kontzertuaren erdi alderako horixe bera gertatu zitzaion taldeari. Urte amaieran argitaratu behar duen disko berriko bost kantu jo zituzten bata bestearen jarraian, Major Minus, US Against the World eta Charlie Brown, besteak beste. Eta horrek guztiak hasierako giroa itzalarazi zuen. Edozein modutan, Shiver eta Everything's Lost kantuek berpiztu egin zuten garra, eta In My Place, Violet Hill, The Scientist eta Viva la Vida kantuetako piano soinuek une hunkigarriak eraman zituen Kobetamendira.

Kontzertua amaitzeko, Clocks, Fix You eta Every Teardrop is a Waterfall kantuak aukeratu zituen laukote ingelesak.«Egin behar zutena egin dute, baina gehiago eskain zezaketen. Kantu onak aukeratu dituzte, baina ez dute jakin behar bezala parekatzen», zioen ikusle batek emanaldiaren amaieran. Ikusleak asebeteta eta gustura itzuli ziren etxera, baina gehiago nahi zuten sentipenarekin.

Blondie betierekoa

Ikusleei ere ez zien hutsik egin Blondie estatubatuarren emanaldiak. 1974an sortutako taldeak oraindik ere gaur-gaurkoa izaten jarraitu nahi duela erakutsi zuen. Eta, horretarako, ezinbestekoa da Deborah Harryren ahotsa. 66 urteak beteak ditu, eta, hala ere, taula gainean garai batean bezainbesteko indar eta konplexutasunez kantatzen jarraitzen du ilehori betierekoak. Atomic, Mother, Call Me, Heart of Glass, Maria, The Tide is High eta Rip ger to Shreds kantu ezagunei esker, ikusleei punk-rock, power pop eta disko doinu gozagarriak eskaini zizkien. Blondiek hiru hamarkadaz jarraian lortu ditu abesti entzutetsuenen lehen postuak. Zazpi urteren ondoren, Panic of Girls kaleratu berri du, oihartzun handirik gabe, baina kantu apartak egiten jarraitzeko dohainak eta zuzeneko ederrak eskaintzeko baliabideak badituztela garbi geratu zen Kobetamendin.

Liam Gallagher-en Beady Eye talde berriaren emanaldiak ez zituen ikusleak horrenbeste asebete, kontzertu gorabeheratsua eman baitzuten. Bring the Light kantu erogarriarekin hasi zuten emanaldia Oasis taldeko oinordeko zuzenek. Baina kantu lasaiak doinu gogorragoekin partekatu zituzten, euren helburua erabat lortu gabe. Gallagher anaietako gazteena, ohiko legez, bere kasa aritu zen: eskuak bizkarrean, erdi makurtuta, hoztasunez eta parka kendu gabe. Aurten argitaratu dute Different Gear, Still Speeding diskoa, eta lan horretako abesti guztiak profesionaltasunez kantatu zituen, baina jarraitzaileei zuten dena eman gabe.

Gauaren iluntasunean, Crystal Castles bikote kanadarraren kontzertu ilun eta indartsuak eman zion amaiera lehen eguneko egitarauari. Joan den azaroan Bilboko Kafe Antzokian eman behar zuten kontzertua bertan behera geratu ostean —Alice Glass abeslariaren lesio baten ondorioz—, entzuleak gogotsu inguratu ziren emanaldira. Eta ez zuten kale egin. Elektronikan oinarritutako musika da eurena, baina punk kutsua oso presente duena.Alice Glassen ahots urratuarekin eta agertoki gainean duen egonezinarekin amaiera aparta eman zioten gau borobilari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.