Euskal Herriaren alde

Orain 150 urte jaio zen Arturo Campion. Nafarra zen, euskaldun berria eta euskaltzale porrokatua. Joan zen mendeko euskararen eta historiaren sustatzaile handienetakoa izan zen. Zuzenbidean lizentziatu bazen ere, lanik gehiena historiari eta euskarari begira egin zuen. Historialaria, politikaria, filologoa eta idazlea. Bizirik zen bitartean etengabe baztertu eta ahaztu zuten, duela hogei bat urte bere lanak ikertzeari eta gogoratzeari ekin zitzaion arte.

 
 
1854ko maiatzaren 7an jaio zen Arturo Campion, Iruñean. Jatorri frantsesa zuen. Bere aitona, 1808an iritsi zen Iruñera, Napoleonen armadarekin, eta Independentzia gerra amaituta, bertan gelditu zen, burdindenda baten jabe.

Campion historialaria, politikaria, filologoa eta idazlea izan zen, baina batez ere euskaltzalea. Euskaldun berria. Bere leloa Euskalerriaren alde zen, eta bide horretan egin zuen bere lan guztia. Gazte hasi zen euskara ikasten, eta bere lan gehienak gazteleraz argitaratu bazituen ere euskaltzale sutusua zen. Hala, euskarak Nafarroan bizi zuen atzera bideak asko kezkatzen zuen, eta horren inguruan egin zituen lan gehienak.

Zuzenbide ikasketak egin zituen Oñatin, baina, lizentziatura Madrilen lortu zuen (1876), 22 urterekin, Bigarren Karlistadaren ondoren Oñatiko Unibertsitateari unibertsitate kategoria kendu egin baitzioten. Zuzenbidearen alorrean gehiena landu zuen gaia foruena izan zen, foruak arriskuan ziren garaian, baina, batik bat, dazle eta historialaria izan zen. Madrilen zela hasi zen idazten. Campionentzat hizkuntza eta historia ziren herri izaeraren ardatz, eta horiek lantzeari ekin zion.

Bere kezkaren adibide garbiena egindako lana da. 22 urterekin bere lehen lana idatzi zuen Consideraciones acerca de la cuestion foral y los carlistas en Navarra(1876). 1878an Asociacion Euskara de Navarra elkartearen sorreran parte hartu zuen, eta Iruñean hainbat aldizkari eta egunkari ere sortu zituen. 1918an Eusko Ikaskuntzako Ohorezko lehendakari izendatu zuten, eta han, Euskaltzaindia sortze lanean parte hartu zuen. Campion bera euskaltzain oso izendatu zuten

Politika ibilbidea Nafarroan hasi zuen, zinegotzi gisa, 1881ean. Gero 1893an Madrilgo Gorteetako diputatu izateko aurkeztu zen Nafarroako hautagai integristen zerrendan, eta eserlekua lortu zuen. Senadore ere izan zen, Bizkaiatik.

Campion Donostian hil zen, 1937ko abuztuan, udako oporrak egiten ari zela.

‘Consideraciones acerca de la cuestión foral y los carlistas en Navarra’ (1876, Madril).
‘Orreaga’ balada (1880, Iruñea).
‘Contrastes, cuadro de costumbres’ (1882, Iruñea).
‘Ensayo acerca de las leyes fonéticas de la lengua euskara’ (1883, Donostia).
‘Gramática de los cuatro dialectos literarios de la lengua euskara’ (1884, Tolosa).
‘Victor Hugo. Semblanza’ (1885, Tolosa).
‘Gure sinismen oso-osoa’ (1888, Euskal-Erria aldizkaria).
‘Don Garcia Almorabid. Crónica del siglo XIII’ (1889, Zarautz).
‘La batalla chica del Sr. Nocedal’ (1893, Iruñea).
‘La Abuela’ (1893).
‘Euskarianas’. Hamabi sail, 1896tik 1894ra argitaratuak.
 Lehenengo alean, euskaraz idatzitako ‘Agintza’, ‘Orreaga’, ‘Denbora anchiñacoen ondo-esanak’ eta ‘Okendoren eriotza’ narrazioak argitaratu zituen.
 Bigarren alean ‘Sartu-aurrean’ dago euskaraz.

‘Los orígenes del Pueblo Euskaldun. Celtas, Iberos y Euskaros’ (1897, Donostia).
‘Blancos y negros. Guerra en la paz’ (1898, Iruñea).
‘Discursos políticos y literarios’ (1907, Iruñea).
‘Defensa del nombre antiguo castizo y legítimo de la lengua de los baskos’ (1907, Paris).
‘La Bella Easo’ (1909, Iruñea).
‘Malaxka ta Akuliña’ (1910, Irun. Tolstoiren ipuin baten itzulpena euskarara)
‘Popachu’ (1910, Bilbo).
‘De las lenguas y singularmente de la lengua baska como instrumento de investigación histórica’ (1919, Bilbo).
‘Informe a la Academia de la Lengua Vasca sobre unificación del Euskera’ (1919, Bilbo).
‘Narraciones bascas’ (1923, Madril).

‘Okendoren eriotza’ narrazioaren pasarte bat da honakoa. ‘Euskarianas’ obrako lehen alean argitaratu zuen 1896an, eta ondoren zenbait aldizkaritan ere bai, ‘Euskalzale’-n kasu.

Okendoren heriotza

«Dama Maria de Lazkano, leioaren ondoan zegoen. Maiatzak, zelaiak loraz eta arbolak ostoz estali izan zituen, baiño oraindik oztxo egiten zuen; orregatik sukaldea egur igarrez eta lodiz ondo ornitua.
Egun artan asi zan goizean goiz euria, istan bat atertu gabe. Ulia-mendiko tontorretatik errekak amiltzen dira saltoka; zeru-goiean, argia iltzen ari da; lurrean laiño ubelak eta itzal beltzak ibarretatik eta ibai ertzetatik geldi geldi igotzen dira, lurreko osoaren zuritasun eta urdintasun guziak borratu naiez. Gau eta egun, batak bestearen kontra gogorkiro jazartu dute noski, eta eguna, bere etsaiak garaitu diolako, mundu onetatik ote badijoa, bere lots aundia ezkutatzeko. Argi-gutxitu ura, argitasunaren azken agurrak dirudi; etxea, aizeak erabillia dardaratzen da, eta leio zabaletatik sartzen dira gelara itxaso aserretuaren orroi izugarriak.
Bat batetan, neskame gazte batek atea idikita, itz egin zuen onela:
—Andrea, andrea, berri onak dakarzkit, berri onak...
—Zer den, Praska, burutik jauzia aizan?
—Ez, andrea, ez; berri onak dakarzkit...
—Noiz arte, emakumea, egongo aiz esanaz «berri onak dakarzkit»? Esan itzan, bein betiko, berri oriek, nik jakin ditzadan.
—Nagusia eldu da; La Capitana eldu da; portua, jendez betea da ango deadarrak!, ango txaloak eta pozgarrizko ojuak! denak atsegiñez zoratuak dirudite...
—Bai ote? Ene Andre Pirkiña Maria! nere senar maitea eldu da? eta biotzak ez zidan ezer esaten! Zorionekoa milla eta milla aldiz gaurko eguna. Uste nuen, ez nuela iñoiz ikusiko! Urtetan aiñ aurreratua! eta beti itxasoan! beti etsai amorratuen artean! Baiño, egia da, Praska, aditu dedana? Nola, noiz artu den berri maitagarri ori?”.
ŦHizkuntza arimaren ispilua daŧ
Campionen hitzaldiak. Campionek hamaika hitzaldi eman zituen, eta beste hainbat artikulu utzi zituen idatzita. Bertatik jarrai daiteke bere ideologiaren arrastoa
EMILIO MAJUELO GIL · HISTORIALARIA
Campionen itzala luze-luzea da
Manex Goihenetxeri. In Memoriam
ANDRES IŅIGO · EUSKALTZAINA
Campion eta Iruņeko XIX. mendeko euskalgintza
Ekitaldiak urteurrena ospatzeko
Hizkuntzaz eta abertzaletasunaz ika-mika asko izan zituen Aranarekin
Nazionalismoaren bi teoriek topo egin zuten XX. mendearen hasieran: Aranarena nagusitu zen
Lehen euskaldun berria
Euskararen egoeragatik kezka eta hari gune berriak zabaltzeko beharra nagusitzen dira Campionen lanean
© berria.info 2004