Kutsidazu bidea Ixabel

Kutsidazuren ibilbidea

Kutsitako bide luzea

‘Kutsita’ edo ibilian ikasita, bide luzea egin du ‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ lanak. 1976ko historia hark, euskarri guztiak edo ia guztiak ezagutu ditu: ahozkoa, liburua, CD-Rom-a, antzerkia, eta orain filma eta telebistarako seriea. Bide luzea.

Josean Sagaztizabalek 1976ko udan bizitakoetatik sortu zen ‘Kutsidazu’-ren kontakizuna. Hernialdeko baserri batean izan zen Sagastizabal 76an, 19 urterekin. Hango pasadizo ugari kontatu zizkion koadrilakoei: “Bolada bat izan nuen baserri hartako esperientziak asko kontatzen nituena. Lagunek barre asko egiten zuten”, dio. Sagastizabalek ez zuen liburua idazteko asmorik, baina lagunek esanda istorioa horiek paperera eramaten ausartu zen, esperientzia bizi eta 18 urte geroago. Bitartean bi karrera atera eta lau liburu argitaratu zituen.

Liburua 1994ko maiatzean argitaratu zuen Alberdaniak. ‘Kutsidazu’-ren istorioa beraz, errealitatetik abiatutako fikzio bat da, “errealitatetik asko duena”. Paperera eramaterakoan, 1978an gertatu zela kontatu zuen, eta geroztik pasatako euskarri guztietan garai hartan kokatu dute historia, Franco hil eta hiru urtetara.

Liburua argitaratu eta ondorengo hiru-bat hilabeteak “normalak” izan ziren, baina, gero, irailean salmentak igotzen hasi ziren. Orduan hasi, eta 11 urtean “ikaragarri saldu da”. 64.000 ale saltzera iritsi dira. “Salmentetan asko lagundu zuen antzerkiak” Sagastizabalek dioenez.

Antzerkiaren aurretik, ordea, hain ezagun egin ez diren beste bi euskarri ere izan dira. 1998an, Aurten Bai Fundazioarentzat euskara lantzeko “ariketa mordo bat” prestatu zituen Sagastizabalek Kutsidazu egokituz”, Ezinet metodorako. Hura egin zuten, eta handik sortu zen CD-Rom interaktibo bat ere, “jolasekin-eta”. Aurten Bai Fundazioak berak atera zuen CD-Roma ere.

Anjel Alkainek kutsi zion antzerkirako bidea Sagastizabalen istorioari. Alkaini berari bururatu zitzaion antzerkia egitea. “Telefonoa jo zidan, eta nire liburua antzerkira eraman nahi zuela esan zidan Gorringo taldearekin” gogoratzen du Sagastizabalek. “Nola ez ba!” esan nion, “oso-oso ondo iruditzen zitaidala”. Nagore Aranburu eta biak gidoia prestatzeari ekin zioten. 2003ko martxoan egin zuten lehen saioa, Villabonan (Gipuzkoa), eta orduaz geroztik, herri eta hiri ugaritan izan dira. Urte eta erdian 180 bat emanaldi egin zituen. Eliza, frontoi, gimnasio, plaza… herri txiki zein handi. Euskaldun berriak eta zaharrak identifikatzea lortu du antzezlanak. “Arrakasta erabatekoa”.

Jende artean eserita antzezlana ikusten zuenean Sagastizabalek sentitzen zuena “oso kuriosoa” zela dio. “Ni jendeak ez nau ezagutzen, eta han egoen nintzen, askotan publikoarekin eserita. Oso kuriosoa da zerorrek sortutako lan batekin jendea parrez ikustea”. Ez zuten hainbesteko arrakastarik espero. Antzokian parrez txiza egindakoak ere badirela diote, “literalki!”.

Antzerkiarekin DVD bat ere grabatu zuten. “Geuk edukitzeko besterik ez bada ere”. ETBn grabatu zuten, 2004ko Durangoko azokan jarri zen salgai, eta Zabaltzenek banatu zuen. Hori, antzerkiak bereak emandakoan izan zen.

Antzerkiaren etapa amaitzen ari zela, zineko bi enpresa ‘Kutsidazu’ filmarekin pentsatzen zeuden. Orioko Unai eta Martin Ibarbiak deitu zioten Sagastizabali, eskubideak erosi nahi zizkiotela esanez. “Haiekin tratuan ari nintzela Tentaziokoek deitu zidaten, ‘Kutsidazurekin’ film bat egin nahi zutela esanez. Esan nien Oriokoekin hizketan ari nintzela. Elkarrekin harremanetan jarri, eta elkarlanean hasi ziren. Gerora RECere sartu zen proiektuan”. Hirurek enpresa bat sortu dute, filmaren ekoizpenerako. Gainera, filma egiteaz gain telebistarako bost kapitulu ere grabatuko dituzte.

Proposamenak jasota eta tratuak eginda, Nagore Aranburu, Karlos Zabala eta Sagastizabal bera gidoia prestatzen hasi ziren, orain urtebete. Gidoian aldaketak sartu dituzte, “beti ezin baita historia bera kontatu. “Kutsidazuk leku eta garai konkretu batean kokatzen zaitu. Liburuko pertsonaietatik abiatuta, mundu hori aprobetxatuz, izugarri zabaldu dugu mundu hori. Garai hura garai gogorra izan zen. Noski! Liburua eta antzerkia ikusi dituenak ikusiko ditu betiko pertsonaiak ere”.

Uztailaren 18an hasiko dira filmatzen, Gaztelun (Gipuzkoa). Ainere Tolosa eta Mikel Losada izango dira protagonista nagusiak, baina Sagastizabalek berak ere egingo du “paper txiki bat”. Horrek ilusio handia egiten diola aitortu du: “ni aktore frustratu bat naiz”.

Kutsidazuren lainoan

Bidean zailtasunak gutxi izan direla dio Sagastizabalek: “Nekez gogora dezaket Kutsidazurekin zerbait txarra”. Aladinoren lanparerik konparatzen du: “Halako batean lanpara ikusi nuen, igurtzi, eta jenioa azaldu zen: ‘Kutsidazu’. Harrigarri ondo atera da dena. Kutsidazurekin beti ibili naiz halako laino batean”.

Filma egingo dela ere ezin sinetsita dabil. “Egingo dela badakit, baina oraindik ere nekez sinesten dut”. Eta noski, ibilbide hori guztia poltsikoan ere nabari da: “Denbora honetan guztian diru asko irabazi dut, eta irabazten ari naiz”.

‘Kutsidazu’-ren ondorengo bizitzan bere burua imajinatzeak lana ematen dizkio Sagastizabali. “11. Urtea da, orain pelikula eta seriea. Pelikula aurten grabatuko da, baina 2006an estreinatuko da., beraz 2006an bizi bizirik egongo da. Liburuak saltzen jarraituko du, eta ez dirudi amaituko denik. Hala ere, normalena da 2007an liburua geratzea, eta gainerakoa amaitzea”.

“Agortzen ez den iturri bat da. Fenomeno bat”.

Argazkiak

Haur eta gazteak

Berriak

© 2020 berria.info
Orrialde nagusira joan