Larunbat honetan han izan ginen, Boulevard-ean, eta berriro ere, lau katu ginen. Oraingoan 4F kasua (www.desmontaje4f.org) salatu genuen. Bartzelonako polizian ustelkeria dagoela ikusarazten duen kasu horietako bat.
2006ko otsailaren 4an festa bat hutsarazi zuten Kataluniako hiriburuan. Bertan, 3.000 pertsona zeuden eta horietako batek loreontzi bat bota zion polizia bati. Nola jakin 3.000 lagunen artean nor izan den? Dona, dona, katona...
Nire bi lagun ospitalean harrapatu zituzten. Nik geroago ezagutu nituen 4F-ko tipo famatuak. Beti horrekin buruan: epaiketa, ustelkeria argia, poliziaren kontra. Beltza baino beltzagoa.
Nire bi lagunak —gau hartan mozkortuta zebiltzan Bartzelonako kaleetan— bizikletatik erori ziren eta zauri handiak egin zituzten, eta ospitalean bukatu zuten. Han zeudela, polizia batek sorbaldatik heldu eta hilketa saioa leporatu zien biei. Horrela, beste lagun batzuk ere atxilotu zituzten. Guztiak estetika jakin batekoak, aberats itxura ez duten horietakoak: krestak, maritxu-lumak, piercing-ak...
Torturatuak ere izan ziren. Patriziak Aste Santu honetan bere buruaz beste egin zuen. Bi hilabete pasa zituen kartzelan, eta hirugarren graduan zegoen. Rodrik bi urte daramatza kartzelan, eta han jarraitzen du. Froga bakarra: Guardia Urbana-ko bi polizien hitza.
Orain, bi polizia horiek kartzelara joango dira, diplomatiko baten semea torturatu eta jipoitzeagatik. Kasu horretan ere, froga faltsuak erabili zituzten, baina diplomatiko batekin sartu ziren.
Orain 4F-a desmontatu beharko lukete. Gehien bat, orain bizitzen ari garen garai hauei begira, bankuen alde jendea bere etxetik kaleratzen ari direnean, hobe ustelkeria baztertzea, hobe gure gizarteak beste alde batera begiratzen ez badu, eta hobe herria erreprimitzen ez duen polizia badugu.
Larrepetit
4F desmontatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu