Ordenagailuaren bestaldekoen arabera, hau izango da irakurriko duzun nire azken zutabea. Eta, egia esan, eskerrak besterik ezin dizkiet eman: bizitza kalitatean irabazten du plazan aurpegia ematen ez duenak, eta gainera, nahiko jasan naute dagoeneko. Hain zuzen ere, bihurtu naizen arte kolore guztietako koadro politikoentzat bere kabuz pentsatzen ikasi duen panpina diaboliko, onanismo eta limurkeria ez diren kritikekin mindu eta Shakespeare errezitatzen hasten direnentzat begietara mingarri, domeka eguerdietan euren mespretxu begiradari nire letaginekin erantzuten diedan Audi A5en eta mortadelaren akolitoentzat takikardi, eta Imanol Galfarsororentzat Ingalaterran hotza egiten duela aldarrikatzeko arrazoi. Sentitzen diat Imanol, orain arte hilero jasotzen nian manbo erdia hik ordaindu beharko didak hemendik aurrera. Cheers!!
Nire berben jomuga sentitu zaretenontzat, zera, sekula ez naiz harro sentituko inori sentsazio desatseginak eragin izanaz,baina ni ispilugilea naiz, zuek jakingo duzue zer ikusi duzuen islatuta. Amak hezi ninduen moduan, konprometitua eta injustiziarekin intolerantea izaten ahalegindu naiz. Konprometitua, erregea biluzik dagoela oihukatzeko beldurrik ez izateko beste. Eta injustiziarekin intolerantea,itsasora heltzeko, dagoenadagoela, pareko guztia higatzen duen uraren moduan. Animatu, maitatu, hunkitu, gozatu, ulertu nauzuen guztiei, nire bihotzazuri gaineko beltzean; itzalak argiaren eragina direla irakatsi didazue.
Hemen datza nire mailua. Hartzen duenak mendeka ditzala jaio gabe hildako oihuak, norenak diren kontuan hartu gabe. Ez dezala erabili bere barruan lurrikara bat eragiteko ez bada. Ez diezaiela beldurrik izan egia gordin esateak dakartzan tentsioei; egia limitean dago. Eta ezagutzen ez duzun jende askok zure egia behar du.
Larrepetit
Agur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu