Unai Iturriaga.
Larrepetit

'Alimañak'

2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Alimaña piztia edo basapiztia dela diost Elhuyarrek lehenengo bi adieretan. Oihartzun gogorragoak zituen nire baitan gaztelerazkoak, eta ez debaldetan, berba horrek orain zortzi urte eta hiru egun zurtuta utzi ninduelako seguruasko. Juan Jose Ibarretxek erabili zuen, artean lehendakari zela, zorigaiztoko martxoaren hamaikagarren hartan, beste inor baino lehenago eta gogorrago azaldu gura izan zuenean, munduak euskaldun jaio izana barka ziezaion edo auskalo zertarako. Pluralean, Alimañas.

Bi egunera hil zuten Angel Berrueta Donibaneko okindegian. Tiroz eta labankadaz aita-semeek, gorrotoz amak. Estatuaren zerbitzuko lehena, estatuak irakindako saldan berotuak hirurak, goitizenik barik eta kartzelatik ateratzeko baimenekin urtu dira demokraten memorian. Gizon bat hil zuten, baina ez dira hain hiltzaileak. Angel Berrueta ere ez bide da hain hildakoa, ez baitu oroimen ekitaldi ofizialik merezi. Beharbada demokratak ere ez dira hain demokratak eta agian hipokrita higuingarri batzuk baino ez dira, ez ordea alimañak. Horiekin tratuan eta musean ari daiteke bat, txikira joz eta handira pasoan.

Besteok belaunika gaitezen, mesedez, eta esango digute hitz bat eta osatuko gara. Barkamenik ez, behar dugu damutu izan garelako gaizto eta gaiztagin, besteak on eta ongile izan diren ber. Izango gara ongietorriak artaldean eta irakatsiko digute etika eta, zergatik ez, erlijio amiñi bat (begia begi truk eta betokerra itsuerrian errege). Ezen batzuk ertzetan egon garelarik, bestetzuk, gutxi eta on-onak, egon baitira erdian. Erdian bai, gutxi gorabehera, luze-zabalean, guztiok zuloa dugun paraje horretan. Nik ere maite zaitut, monamur.

Basa garela oraindik, geure intereserako irakurtzen eta idazten ikasi dugun piztiak, ez kulturaren amorez. Alimaña zuek irakatsi zeniguten, hori egia da, eta orain izorratuta zaudete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.