Telebistan ikusitako gauza batek piztu zidan gaiarekiko grina. Bertan, psikologo batek anorexiari buruzko azalpen neutral bat egiten zuen. Neutral hitzarekin ez dut objektiboa esan nahi. Genero irakurketarik ez zela egiten esan nahi dut. Hau da, anorexia tuntunen gaixotasun bat balitz bezala irudikatzen zuten.
Edertasunari eta fribolitateari lotzen zaio anorexia. Oso gutxitan azaltzen da emakumeen gaixotasun historiko bat dela. Anorexia nerbiosoa histeriarekin lotzen da, gaixotasun femenino bat. Histeria etimologikoki utero edo umetoki esan nahi du. Azkenik, 2011. urtean anorexia zuten pertsonetatik, %95 emakumezkoak ziren.
Arrazoi eta psikologia modernoak emakumearen irudia deformatzen dute. Naturarekin alderatzen dute, batetik basatia eta ulertezina, erabat misteriotsua. Bestetik, azterketa arrazionalaren eta ikerketa klinikoaren objektu bilakatzen dute. Xedea ez da fenomeno bat ulertzea, objektu bat kontrolatzea baizik. Horrela ulertzen da aditu batek anorexiaren azalpenean generoa ez aipatzea.
Familiarekin, amaren rolarekin, norberak eta besteak elikatzearekin, eta, orokorrean, genero patuarekin apurtzen duen gaixotasun bat da anorexia.
Ezin dugu ahaztu egungo gizarteak emakume anorexikoa edertasunaren eredu bilakatu duela. Emakume guztiok gaude gurutzatuak anorexiagatik, gure desira muturreko argaltasunari lotzen dutelako. Ohitu egin gara emakumezkoak kaloriak kontatzen eta dietetan murgilduak ikustera.
Nire ustez, zoratuta dabilena gizartea da. Gure gizarteak mila mezu kontrajarri helarazten ditu. Informazioaren aroan, mezu horien indarra ikaragarria da, gainera. Gorputz anorexikoa gure arauek sortzen duten muturreko erreakzio bat da, askotan erreakzio intsumiso bat. Galdetu beharko genuke nor den gaixoa: zentzugabeko genero arau sexista bat paradigma unibertsal bilakatzen duen gizarte bat, edo gatazka horri somatikoki erantzuten dion pertsona?
Larrepetit
Anorexia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu