Bizitza bera baino arte-lan ederragorik ez dagoela aldarrikatzen du Marnik eta horregatik erditu nahi izan du arte-galeria batean, New Yorken. Nahi eta egin. (Ez hintzean joan, Gari, Ajax jaiotzen ikustera, hire bizitokitik hemeretzi kaletara?). Ajax jarri dio izena eta lortu du albisteak komunikabide askotan izatea oihartzuna.
Eta hala, batean eta bestean kontatuta jakin dugu Ajax txikiak ze pisu izan duen, ze neurri; kontatu digute galeria bera hondartza bat balitz bezala dekoratua zutela gurasoek urdin askorekin (aita ere artista baitu Ajaxek, ez ama bakarrik), eta halako kontuak. Eta erakutsi ere bai, nola lagundu dioten emagin artista batzuek bere arte-lanik ederrena munduratzen.
Izena geratu zait trabatuta. Ez Ajaxena (Ajax oso gertuko egin zait; etxeko sukalde garbiaren usaina —pinuena orijinala baino gozoagoa zen edo alderantziz?— eta futbol partida handiren bateko zarataren oihartzunak ekarri dizkit gogora). Arte-lanaren izena da kateatua geratu zaidana: The birth of baby X. Izenburu hori jarri dio artistak bere arte-lanari, eta albistea bi lerro deigarri baino luzexeago kontatu duen komunikabideren batean ikusi dut, egun batzutan pixka bat deskantsatu, eta berehala hastekoa dela Marni bere hurrengo arte-lanarekin. Raising baby X izango da hurrengoa. Alegia, X umearen jaiotzaren ondoren, X umea hazten hasiko dela.
Artistak jarri dizkie izen horiek bere arte-lanei. Amak, aldiz, Ajax jarri dio semeari. Ematen du, izenei erreparatuta, Marni gai dela amaren eta artistaren arteko eta semearen eta arte-lanaren arteko bereizketa egiteko.
Artista libre da, noski, nahi duen arte-lana sortzeko. Baina Ajax, bere lanak eman badizkio ere ez da arte-lana. Ederrena izanda ere. Eta Ajax ez da baby X. Eta batez ere, Ajax ez da berea. Arte-lana artistarena baino dezentez gutxiago da semea amaren jabetza.
Larrepetit
Arte-lana
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu