Zer moduz zaude? Ongi espero dut. Dena prest? Burutik kendu ezinda nabil, 6. etorbidearen eta 48. kalearen kantoian niri begira geratu zineneko momentua. Ez zenidan begirik kentzen. Eta halako batean, «zu zara?», galdetu zenidan. «Bai, eta zu, berriz…», berehala elkar ulertu genuen.
Ez zintudan horrelakoa imajinatzen. Badakizu, askotan, egiten duzun iruditik errealitatera salto handi samarra egoten da. Baina pentsatzen dut zuri ere gauza bera gertatuko zitzaizula nirekin.
Hotz handia eginagatik, paseo ederra eman genuen biok Central Park barruan, kafe baso bero handia eskuetan hartu, eta tertulia gozoan. Eta aitortuko dizut, elkar ondo ulertu genuen ustea geratu zait. Seguruenera, desberdintasun batzuk salbu, biok ondo dakigulako zer esan nahi duen garai honetako jardunak, han eta hemen.
Ondo gogoan dut, ibiltzeaz nekatuta, eserita jarri ginen batean, pipa hortzetan hartuta, haren plazeraz gozatu nahi izan zenuela. Baina, hemen, hori oso gaizki ikusia dago. Parkeetan erretzea, gainera , aurten debekatu dute. Zuenean oraindik ez, ezta? Botila ardoa edatea bezala: isuna jasoko nuke hori kanpoan eginez gero. Horregatik eramaten dugu marroi koloreko zorroan ezkutatuta… jur-jur-jur…Ikusten duzun bezala, zenbait gauza itsasoaren alde horretan eta hemen ez dira berdinak.
Kantuarena niretzat ez den bezala: niri ez didate zuri bezala kantatzen. Esan zenidan milaka pertsona ateratzen direla zuri ongietorria abestuz ematera. Niri, Salvation Army-koak beraien kanpaitxoekin ondoan tokatuz gero, gaitz erdi.
Desberdinak gara horretan. Baina, nago, oso berdinak, etxeko txikienen amets handiak betetzen, edo etxeko handienengan ilusio txikiak sortzen. Bakoitza bere estilora, eta norbera bere tokian.
Gaur ere badaukagu makina bat lan!
Laster arte, Olentzero. Eskuminak Mari Domingiri.
Santa Claus.
Larrepetit
Aupa, lagun!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu