Ia 40 urtez, gure auzoan bukatzen zen hiria. Aurretik, Weimarko errepublikaren garaian, langile tradizioko auzoa eta alderdi komunistaren gotorleku izan zen, Wedding gorria, nazionalsozialismoaren erresistentzia gunea. 70eko hamarkadan Gastarbeiter-ak heldu ziren, atzerriko langileak, batez ere turkiarrak.
Bost urte behar izan ditut Wedding-eko etxadi honetan bertako sentitzeko. Denbora luzez lotara baino ez nintzen etortzen nire Berlingo mapa mentalean ozta-ozta existitzen ziren parajeotara. Berandu deskubritu nuen Humboltdhain parke basotua. Henri izozki denda txarra zela uste nuen. Betiko liburutegira joaten jarraitu nuen, hemengoa ederra den arren. Ohiturak aldatzea kosta egiten da.
Auzoko egiturak ere nekez transformatzen dira, gentrifikazioari aukerarik uzten ez dion babes-mekanismoren bat balego bezala. Produktu ekologikoen denda itxi zuten neguan. Kafetegiak arrakasta izan du, ordea, eta gure kalean, lauzpabost zuhaitzen inguruan, loreak landatu dituzte bizilagunek.
Bistaz ezagutzen ditut kaletik umeekin doazenak, haurtzaindegirako bidean edo parkean ikusten ditudalako. Weddingeko jolas-parkeetan zaborrontziak goraino egoten dira, eta haietatik kanpo ere, zaborra nonahi. Bankuetan eserita dauden emakumeek, bai buruan zapia daramatenek, bai ez daramatenek ere, erre egiten dute. Erretzeari uztea neoliberaltzat jotzen da. Konparazioz, gizon gutxiago ikusten da hemengo jolastokietan. Amama, etxeko zapatilak jantzita jaisten da iluntzean ilobari jertsea ekartzera.
Elektronikoki lotuta, mundu modernoak herri-globalaren irudia sortu du. Lekuz mugitu gabe planeta osoko jendearekin elkartu gaitezke Internet galaxian. Sarean presentzia izatea zein garrantzitsua den aipatzen da sarri. Finean, bakoitzak bere auzoan bizitzen jarraitzen du, eta bizigarri izan behar du horrek, auzo fisikoan presentzia izan ezean lurra falta baitzaigu.
Larrepetit
Auzoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu