Azken urteotan ohikoak izan dira gure herri eta hirietan Ikurrina bai, espainola ez lelopeko manifestaldiak uda garaiko jaietan. Epaitegiak ere gaiarekin aritu dira, alderdi estatalisten salaketak probestuz. Mastil nagusietan zein banderak behar zuen egon, eta zein behar zen kendu omen zen ika-mikaren muina.
Aurreko urteetatik hona ezer gutxi aldatu da, udal gobernuen kolorea salbu, eta piperpotoek bertan jarraitzen dute. Aurten, baina, ez da manifestaldirik izan, eta estatalistek haiena inposatzen jarraitu dute.
Banderekin lotutako nazio izaeren eta identitateen tentsioak desagertu direla asko esatea litzateke. Nahiz eta kale mobilizazio hauek desagertu diren leku gehienetan; gehienetan diot, alkatetzaren arabera auzia bizirik mantendu edo desagertua geratu delako.
Norberaren izaera banderen bitartez identifikatzeak udal balkoiak koloretsu bilakatuko lituzke, dudarik gabe. Izaera nazioan edota aldarrietan oinarritu baitaiteke; eta horrela, bandera feminista, internazionalista, gay edota lesbiana mugimenduena, arrano beltza, errepublikanoa edota piratena, ikurrina, piperpotoa edo sunsunkorraren banderaren ondoan egotea balizko bilakatuko litzateke.
Aurreko urteetatik hona, ordea, zerbait aldatu da, mastil nagusietan ditxosozko rojigualdak jarraitu arren.
Zorionez ikasten hasi ote gara norberaren izaera askotarikoa dela, gure herrietan present dauden izaerak diren moduan. Izaera horien guztien isla ezin daitekeela bandera bakar batera muga edo bi banderen arteko auzira ekar, edozein delarik kolore identitarioa.
Urratsa egina izango dugu, auzitegiek beharturik edo uneko udalbatzak erabakirik mastil nagusian jarrita dagoen koloreak, norbere izaeran pitzadurarik sortzen ez duenean, eta honen aitzakian banderizoen gerrarik sortzen ez dugunean. Gainerako eztabaidak traputzarren mailakoak baitira.
Larrepetit
Banderak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu