Larrepetit

Besarkadak

2011ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Ez konparatu. Besarkadak eta besarkadak daude. Ez dira berdinak, ez tamainan, ez iraupenean, ez estutuaren indarrean eta ez eta esanahian ere.

Maiztasunean ere neurtu litezke, eta nago, geure kultura ez dela oso besarkada emailea. Eskua, bostekoa edo bi masailetako musuen aldeko apustua errazago egiten dugu.

Aldiz, gizarte estatubatuarrean, esate baterako, besarkadak errazago erregalatzen dira. Aspaldian ikusi gabekoa, betiko laguna edo ez hain laguna, familiartekoa, bizilaguna, besarkada baten bidez agurtzea ohikoa izaten da. Hori bai: besarkada bakoitzaren esanahia erabat desberdina da.

Aitor dezadan. Ni neroni ere ez nintzen hain besarkada emailea. Baina azkeneko ia bi urteetan ohitura hartu dut. Akaso, horregatik, etxera itzultzen naizen bakoitzean, familian, lagunartean, egoera desberdinetan, besarkatzeko ohitura naturalki ateratzen zait. Batzuetan, ordea, jendearen harridura, ohitura falta eta arroztasuna sentitu dezaket. Seguruenera, nahiz eta besarkadak dohainekoak izan guk garestiago ematen ditugulako.

«Ongi sentitzeko behar dugun gauza bakarra besarkada bat da», dio halakoak dohainik banatzeko sortutako kanpaina batek. Eta ez dago gaizki esana. Askotan tokatzen da, New Yorkeko kaleetan barrena, Free Hugs karteltxoa zintzilik, dohaineko besarkadak emateko prest dagoen jendea ikustea. Baita jasotzen dituen hiritar eta bisitariak topatzea ere. Asko. Eta besarkada terapia horren eraginak onuragarriak direla diote, beharra sentituta edo gabe, ezezagun horren estutua jaso dutenek.

Horregatik, herritarren onurarako, besarkada emailearen lanpostua proposatzen dut gure kaleetarako. Alboan aurkitu ez, eta beharra duenari besarkada, luzea, motza, estua, goxoa, zakarra edo gertukoa, nahieran emango dionarena. Pena, kanpainarako berandutxo nabilela. Hurrengorako gorde dezagun ideia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.