Urte asko ez dela, Espainiako hauteskundeen hausnar egunak tupust egin zuen emakume langilearen nazioarteko egunarekin. Ondorioetako bat izan zen (demokraziaren festaren albo-kaltea agian?) polizien borrek manifestarien buruekin tupust egitea, Iruñean behinik behin. Hausnar egunak ar astoen arrastoa utzi zuela, eta ez oso emeki.
Bihar berriz ere zortzi izango ditu martxoak, eta Patxi Lopezek atabala eta txindata lagun (aurrekontuak eta dohainak direnak dira) bere proposamena aurkeztuko du Gasteizko legebiltzarrean. Ez naiz ni erdi-ordezkaritzaren osoko bilkuren egutegi eta dinamikaren ezagutza dutenetarik, baina bitxia suertatu zait, hain justu egun hau, eta ez beste edozein egun, aukeratzea. Oker egon naiteke, baina irudipena dut bestelakoa izan balitz efemeridea, atzeratu edo aurreratu egingo litzatekeela. Oraingoan, ordea, alboratu egin ote den.
M8 ere bada bihar. Eta M larri hori uler bedi Manchester. Athletic Old Trafforden arituko da, eta hesteak harri bihur bekizkit ez badu ETBk nik aurrean papera eta atzean papera adina minutu betetzen «partida historikoarekin». Kaka esplikatzen gehienak, baina paper faltarik izango ez denez, haizea popan eta belak zabalik.
Umetan belaki izaki, aitaren ofizioaz galdetzen zigutenean erantzuna kargadorean izaten genuen beti. Amak ez zuela lanik egiten, etxean «egoten» zela esateko kapaz ginen. Kanpoan lanean hasi zenean ere «etxeko lanak» egiten zituenez, zortzi bat martxo behar izan genituen amak lanak baino letra bat gutxiago izan arren behar gehiago zuela ohartzeko.
Elkarren ondoan hazi eta hezi ginen gure belaunaldian, ez elkarrekin seguruenik. Denborarekin, atertu barik berba egiteari utzi eta belarriak entzuteko direla ohartzen hasitakoan, halako gauzak ateratzen dira: salaketa orokorrak eta mea culpa ttikiak. Brotxa lodiegia fin iruteko.
Agidanez, potroak, bihotza legez, buruan daude, eta hor kirugia-lanetan hastea beti da gaitzagoa.
Larrepetit
Bihar
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu