Hiru bilera izan ditut azken egunotan. Hiru toki desberdinetan. Hiru gai desberdinez. Hiru giza-talde desberdinekin. Eta hiru lerro nahikoa nituzke hirurak laburbiltzeko. Bat berri emateko izan da, bestea erabakitzeko eta hirugarrenean ez da izan ez berririk, ez erabakirik. Dozenerdi bat ordu hiru lerrotarako. Inbertitutako denbora ez dela alferrik galdutakoa izan sentitzeko besterik ez bada ere, merezi dute zutabea.
Zergatik izaten da bilera guztietan aurrera egitea eragozten duen pertsonaren bat? Eta zergatik ez da konformatzen aurrera ez egitearekin eta ez du bakerik ematen atzeraka egiten hasi arte? Eta bilera hasi eta ordubetera hasierako puntua baino bi atzerago joatea lortzen duenean, zergatik ez du etsitzen bilerako gaiekin zerikusirik ez duen iritziren bat gizarteratu arte? Eta zergatik uste du bere iritziak elkartutakoentzat interesgarri izan litezkeela? Eta zergatik, besteek baino gehiago dakiela? Zergatik ez da konturatzen hitza hartzen duen hurrengoan gainontzekoen begiradak ez direla miresmenezkoak eta zurrumurruak errespetuak eraginak? Eta zergatik ez ditu jasotzen eta interpretatzen arnas-hotsak, eztulak, ezpain erdiko irribarreak eta aulki-soinuak? Eta zergatik izan ohi da bilera amaitutakoan satisfetxo etxeratzen den bakarra?
Beno, konforme. Azken galdera hori eramanezinetik sortua da. (Eramanezina den burukomunetik). Etxera bueltan, gehiago sekula santan inoiz berriro ez didala inongo bilerak minutu erdi galaraziko neure buruari zin egiten diodan bitartean segundo batez bilera eramanezin bihurtu duenaren tokian jartzeak gaiztotutakoa. Hura, berriz ere munduari fabore egin dion sentimentuz eta munduko ergeloi lezioa eman izanaren satisfazioz, ispilu aurrean jarri eta «gaur ere portatu haiz» esanez irudikatzetik sortua.
Gizarajoa. Inork ez dio esango ispiluek ez dutela entzuten.
Larrepetit
Bileratik bueltan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu