Hedoi Etxarte
LARREPETIT

«Biolentzia aitortzeko zailtasuna»

2015eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Gure amonen aitek Angiolillo anarkistaren exekuzioa ikusi zuten, Bergaran. Gure amonen nebek Marcelino Orejari belarra sartu zioten ahoan 1934ko urriko iraultzan. Gure amonek hoteletako maindireak aldatu zituzten Donostiako hoteletan, Arabako bainuetxeetan: belauniko. Gure amonak meza euskaraz izan zedin borrokatu ziren eta seme-alaba apostatak izan zituzten. Gure amonek laranjak biltzeko sareekin estropajuak egiten zituzten. Txanponak Lankide Aurrezkian sartzen zituzten. Laboral Kutxako egutegia zuten sukaldean. Briskara ere Kutxako kartekin jolasten zuten. Urtebetetze-saria Kutxako gutun-azaletan sartzen zuten.

Gure amonen ilobek abestu zuten Negu Gorriak-en Hiltzeko era ugari dago. Gure amonena da Bertolt Brechtek Me-ti: Aldaketen liburua-n egindako gogoeta ere: «Gaur egun, askok borrokatuko lukete pertsona babesgabeen aurkako biolentziaren kontra. Baina aitortzeko gai al dira?

»Biolentzia ekintza batzuk aitortzen errazak dira. Pertsonak zapaltzen direnean haien sudurraren itxurarengatik edo haien ilearen kolorearengatik, biolentzia ekintza agerikoa da gehiengoarentzat. Ziega itogarrietan jendea ixtean ere biolentzia martxan ikusten da.

»Baina, edonon ikusten ditugu pertsona kolpatuak, altzairuzko makilekin jipoitu izan balituzte bezala, hogeita hamar urterekin edadetuak dirudite. Eta, halere, ez dago inolako biolentzia ikusgarriaren seinalerik. Bada jendea urte luzez ziegak bezain ezatseginak diren zuloetan bizi dena, eta zuloetatik ateratzeko dauzkaten aukerak ez dira preso batenak baino handiagoak. Nahiz eta ez duzkaten kartzelariak ateetan zutik.

»Biolentzia hau jasaten dutenak infinituki gehiago dira egun jakin batean jipoi bat jaso edo kartzela batean zokoratzen dituztenak baino».

Gure amonek, biziko balira, zer egingo lukete euren sosekin Miren Peñaren hilketaren ostean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.