Unai Iturriaga.
Larrepetit

Bizkaiko 'faloa'

2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
New Yorkeko dorre bikiak bota zituztenekoaz galdetuta, eraikinak beren hezurduraren gainean zelan jausi ziren zurtuta ikusi zuela erantzun zuen, dorreok diseinatu zituen arkitektoarekiko miresmenez: ingurukorik lorrindu barik.

Halako oldozpenetan galdu nintzen atzo eguerdiko Teleberri ikusten ari nintzela. Ez dakit zenbat minutu eskaini zizkioten Iberdrolaren Bilboko dorrearen inaugurazioari, pluralean joan ziren behintzat, epel-epel, lodi-lodi.

Han ziren, balen aurkako beira artean, espainiako errege-erreginak, euskongadetako bufoiak, bizkaiko abaldun nagusiak eta bilboko berdulero eta burdelero behinenak. Gortea esan ohi zaiona, egundo deuseztatu ez eta etenik barik erregimen batetik bestera transformatzen den gizabere miazkatzaileen multzo hori.

Bizkaiko negozioen falotzat hartu behar ei dugula aditu uste izan nuen, artean bazkaltzeke. Faro esango zuen kazetariak, noski, baina adimena tentelduta behar nuen halako tentetasuna nuelarik begien aurrean. Barauak eraginda-edo, argitasun halako batek hartu ninduen eta ohartu nintzen, beharbada, ez nenbilela guztiz oker. Zer da, bada, Iberdrola, ez bada kapitalismo basaren sagarraren adarraren puntaren punta? Eta ez ote da kapitalismoa arkeriaren adierazpide gorena? Beraz, Iberdrolaren dorrea falo bat bada, dagoen lekuan kokatuta egonik, zer dauzka, barrabilak Ibaizabalen freskatzen? Eta erradiaktiboak balira? …?

Azkenengo galdera markak ekarri ninduen neure onera eta gogoratu nuen gutxi eta sarri jatea eta baraurik alkoholik ez edatea gomendatu zidala behinola jakintsu batek. Ez zioen ezer kargudun publikoek enpresa pribatuen ekitaldietan parte hartzeaz, are diruz laguntzeaz, edo jendearen oinarrizko premiez probestuz aberasteaz, inguru denak lorrinduz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.