Ohetik jaiki eta zuzen-zuzenean hasi naiz lanean, posta elektroniko baten astindua jaso arte. Leioan 45 urteko tipo bat atxilotu dute 10 urteko neskato bat bortxatzeagatik. Guk leku guztietan hurrengo eufemismoak entzungo ditugu: jazarpen sexuala, eraso sexuala...Argi izan, bortxaketa izan dela, edo bortxaketa saioa. Oso zaila da jakitea zer esan horrelakoetan, eta kontu askorekin esan behar dira gauzak. Hemen aholku apal batzuk, norbaiti baliagarriak izango zaizkiolakoan.
Lehenegoa, kontuz diskurtso populistekin. Gaiari jaramonik egin gabe bizi diren horiek, bat-batean berria entzun eta heriotza zigorra eskatzen dutenak ez digute mesede handirik egiten. Horrelako egoerak, nahiz eta oso latzak izan, ulertu egin behar dira. Bortxaketa matxismoaren arma bat da; horregatik, emakumezkoek ez dute bortxatzen. Kontu asko txoroaren teoriarekin, hau da, bortxatzaile guztiak eta erasotzaile guztiak zoratuta egongo balira, gure gizarteko gizon gehiegi zoratuta egongo lirateke. Gainera, emakumeok ere burua galtzen dugu, baina ez ditugu gauza horiek egiten; beraz, arazoa politikoa da, eta ez psikiatrikoen kontu bat.
Familiari eta 10 urteko neska horri begira, ezin dut imajinatu nola egongo diren orain. Bakarrik esatea bortxaketa eta eraso sexualak direla kasu bakarrak non lotsa gehiena biktimei egokitzen zaien, biktimizazio bikoitza, edo hirukoitza. Ez utzi.
Bortizkeria honen jomuga garen gorputzok ez daukagu zertan lotsatu. Beste batzuena da lotsa, ez gurea. Eraso sexualei aurre egin dieten emakume asko ezagutzen ditut, eta ez dira ahulak, bizirik jarraitzeko indarrez beteriko emakumeak dira, nik gehien miresten ditudan horietakoak. Behin batek esan zidan bezala: «Askok diote hobe dela hilda egotea bortxatua izatea baino. Baina nik nahiago dut bizirik jarraitzea, heriotzak ez du konponbiderik; besteak, bai».
Larrepetit
Bortxaketa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu