Heriotzaren ondorengo bizitzan sinesten ez dutenak bizitzaren zentzurik gabe daudela entzun genuen, lehengoan, hileta-elizkizun batean. Esaldia asaldatzeko arrazoia zela erabaki zuen gure taldeko gehiengoak, baieztapenaren harrokeria, batez ere. Nola esan zezakeen batek bere fedea ez duen oro bizitzaren zentzurik gabe bizi dela?
Baina, hori ez da kontua. Harrokeria den ala ez eztabaidan sartu gabe, beste leku batean dago arazoa. Bizitzaren zentzua zertan datzan, gure bizitzari zerk ematen dion esanahia, esanahiaren bilakuntzan egiten ditugun bideetan eta horien esplikazioan dago gakoa. Entzundako haren ordez, gizakia proiekturik gabe bizitzea zentzurik gabe bizitzea dela entzun izan bagenu? Edo proiektuek ematen diotela esanahia bizitzari? Nola hartuko genukeen hori? Erraz onartzen ditugu hori bezalako adierazpenak. Are gehiago, gureak egiten ditugu eta horiekin bat eginda bizi gara.
Gure proiektuek mugitzen gaituzte. Berdin du lan-egitasmoak izan edo helburu pertsonalak, aisiaren planak, asmoak... Horietan arreta jarrita bizi gara. Horietara bultzatzen gaituzte inguruan ditugun eragileek. Nahi horiek hain egiten zaizkigu indartsu, erabat bereganatzen dutela gure gogoa. Eta, ondorioz, datorrenari begira bizi gara. Edo, hobe esanda, etor daitekeenari begira. Proiektuaktranpa bilakatzen dira. Etorkizuna marraztu duen garunak bizi gaitu. Saramagoren A Caverna nobelaren Cipriano Algorrek bazekin ondo: «Garunean goi-isurizko ezagupen bezala perzibitzen dena, magikoa edo zerutarra den hori, behatzek eta behatzen garun txikiek egiten dute bizigai. Buruaren garunak jakin zezan zer zen harria, behatzek ukitzea izan zen beharrezko, harriaren laztura sentitu behar izan zuten, harriarekin zauritu...». Bizi, alegia.
Leiho hegian pausatu den txantxangorriari galdetu diot bizitzaren esanahiaz eta isilik erantzun dit: «Bizi naiz».
Larrepetit
Datorrenari begira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu