Sortu denean Beñat izena debekatu, eta, Bernard hautatu ordez, Benat izena ezarri diote. Gurasoek haurtzaindegi euskaldunik atzeman ez badute ere, 2 urterekin ikastolan hasi da, etxetik oren erdira, bere herrian ez baita ikastolarik egin ahal izan oraino.
18 urte arte dena euskaraz ikasi du. Batzuetan klasean, beste batzuetan —ikastolaren egoitza edo irakasle eskasez— karrikan. Ikasketak denak euskaraz egin ditu, baina baxoko azterketa pasatzerako tenorean frantsesez egin behar izan du.
Telebista piztu, erosketak egitera joan, futbol taldean, lanean ala bestan, bere hizkuntzak ez du tokirik. Euskaraz galdegin eta kasurik hoberenean frantsesez erantzuten dio harakinak; okinak, aldiz, espainolez, euskara entzuteko usaiarik ez baitu; alta, Benatek ez daki espainolik. Juje eta poliziaren aitzinean, aldiz, frantsesez mintzatu da. Benat bere herrian arrotz.
Egun handia izanen da biharkoa. Benat Deiadar manifestaldian izanen da, lehen aldiz gurasoei baimenik galdegin behar izan gabe. Benatekin batera, Garbine, Inaki eta Enaut ere bertan izanen dira. Zu ere bai.
Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako alderdi orotako hautetsiak euskararen ofizialtasunaren alde, lehen aldiz ere izanen dira Baionako karriketan. Gehienak konbentziturik, batzuk beharturik, urteetan eta belaunaldiz belaunaldi ikusi ez duten edo sostengatu duten diskriminazioarekin bukatzea galdegiteko.
Zerbait mugitzen ari da Ipar Euskal Herrian. Instituzionalizatzea, alde batetik, eta euskararen ezagupenaren, alde bestetik. Ea orain hiru urte 5.000 jende bildu zituen Deiadar manifestaldia ttipi uzten dugun, eta hauteskunde kanpainaz haratago, hitzeman guztiak betearazten ditugun. Denen beharra izanen dugu. Zurea ere bai. Zatoz Baionarat,arratsaldeko bostetan duguhitzordua Baiona Tipiko Xaho plazan.
Larrepetit
Denak Baionarat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu