Aieteko jauregian finkatu dute bakerako ibilbide orria. Egin dezagun, beraz, bidea. ETAk bere jarduna behin betiko gelditu duela adieraztea izanen da lehen urratsa. Ondotik gobernuen aldia izanen da, hamarkada luzeetan bortizkeriek alde batean eta bestean eragin dituzten zauriak elkarrekin ixteko asmoz. Eta, azkenik, eragile sozio-politiko eta herritarren txanda.
Hedabide espainolek Ipar Euskal Herriko delegazioaren parte hartzea isildu baldin badute ere, bereziki kontuan hartzekoa da abertzale ez direnen izaera eta mezua. Frédérique Espagnac senataria eta Kotte Ezenarro Frantziako presidentea izateko aukera gehien duen François Hollanderen aldeko parioa egin duten euskal sozialista bakarretarikoak dira, Frantxua Maitiarekin batera. Gainerateko hautetsi sozialistek Martine Aubryren aldeko apustua egina zuten. Hollande-Zapatero bilkuran ikusi denez —Espagnac bertan baitzen—, Parisekin lotura ukanen duten euskal hautetsiak dira.
Max Brisson Pirinio Atlantikoetako UMPko buruzagitza hartzear da. Michel Alliot-Marieren Tunisiako aferak direla medio, Brissonek desegiten ari den alderdiaren giderrak hartuko ditu eta alderdiko erreferentea izanen da euskal gaietan. Jean-Jacques Lasserre zentristak Hautetsien Kontseiluko lehendakari gisa Ipar Euskal Herrian hautetsi eta gizarte zibilaren artean abiatu berri den gogoeta gidatuko du. Otsailera bitartean, eragile soziopolitikook Ipar Euskal Herriaren erakundetzeaz eginen dugu gogoeta, heldu den Frantziako lehendakariari adierazteko, ea gaur egungo ezaguerarik gabeko egoeran segitu nahi dugun; udalak, herriarteko egiturak, departamendua eta Akitaniarekin partekatuko lituzkeen egitura kudeaezin berri bat sortu behar ote den, ala Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa bilduko dituen instituzio bat nahi dugun. Eta lan horretan Lasserre, Ezenarro eta Brisson lehen lerroan izanen dira, jakitun hegoaldeko egoera berriak eragin zuzena izan dezakeela.
Larrepetit
Egin dezagun bidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu