Ogia erostera atera zinen. Okindegiaren aldameneko higiezinen bulegoko eskaparateari so geratu zinen une batez. Saltzailea, atariaren kontra bermatuta, zigarroa erretzen ari zen «ia oparitu egiten ditugu» esan zizunean.
Laurogeita hamar metro karratu, ganbara eta bi autorentzako garaje zarratua. Auto bakarra zuek. Post-it batean ezagutzen ez zenuen gradu bateko logaritmo bat zirriborratu eta, gutxi gorabehera, ogiaren prezioan ateratzen zitzaizula auto berria. Zaharra bertan utziz gero, «ia debalde».
Gogoan zenuen bost urte lehenagoko promozio batean, zartaginak opari ematen zituztelako joan zinenean, paper gehiago aurkeztu behar izan zenuela bankuan. Are gehiago, dokumentu batean zure izena euskal grafiaz eta bestean gazteleraz zegoelako bizitza osorako arraultza egosiak jatera kondenatu gura izan zintuen lehiatilako prakaestu hark. Ogia erostera atera zinen hartan, ostera, nortasun agiriaren zenbakia emanda, zartaginak ezeze, no-frost hozkailu bat eta mikrouhin labe bat jarri zizkizun mahai gainean. «Oparitu egiten ditugu», entzun zenuen elektrogailuen beste aldetik.
Eskua sorbaldan jarri zizuna ez zenuen ezagutzen, baina, familiaz galdetu zizunean, ohiko gizalegeaz haragoko gertutasuna sumatu zenuen. Zeure izenaren laburdura erabiliz hitz egin zizun, eta, une batez, ingurura begiratu eta bankuko langile guztiek begia kliskatu zizutela iruditu zitzaizun. Jiratu zinenerako bankuaren kolore korporatibo deigarriak zituen karpeta kanalean zabalik zenuen begien aurrean. Uste baino errazago kabitu ziren bertan etxea, ganbara, garajea eta autoa.
«Ogia erostera atera naiz», zenioen zeure kautarako hipoteka kreditua eskuratzeko ezinbestekoa zen bizi-asegurua sinatzeko bolaluma eskuetan jarri zizunean. Pistola baten kulatan zure hatz-markak uzten ari zinen.
Larrepetit
Eguneroko ogia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu