Espainiako militar matxinoek herria hartu zuteneko hirurogeita hamabosgarrena bete zen atzo. Zapi hilabetean eutsi zion Intxortako frontea jaustearekin batera sartu ziren Elgetan. Ondoren gertatutakoen berri jakin gura duenak badu interpretazio gune bat herrian bertan eta baita ibilbide gidatua egiteko aukera ere. Edozelan ere, idazten duen honek ezingo ditu egundo burutik aldendu Anttoni Telleria elgetarraren berbak, garaileak, garaile izateko, ez baitu aski garaitua hankapean hartzea.
Eta bai, atzo, zoritxarreko urteurrenaren egunean,Espainiako armada Elgetan maniobrak egiten. Alkateari entzun nion maniobrok agindu zituen «nostalgikoa» nor zen jakin gura zuela. Galdera ez dago sobera baina erantzunak ez du asko axola. Basamakatzak ez du urdin-sagarrik ematen, eta armada, armada da, Espainiaren batasun zatiezinaren berme gorena. Ez daude Soietxen makrame ikastaroak egiteko. Gainera, kastako militarrak memoria oneko morroiak izan ohi dira eta, mendea ondo luzatuta ere, uztailaren 18 hartan hasitakoa da Espainian nagusitu armadak irabazi zuen gerra bakarra. Ez dute ahazteko izango.
Urteetan demokratak vs. biolentoak leloa sorgortzeraino errepikatu dutenek, memoria ekitaldietan Gandhi irakurtzen zutenek, euren burua bakezaletzat agertzen zutenek, eurentzat bai, eurentzat gura dute armada bat. Eta herritarren sosekin erosten dituzte su-iskiluak eta tankeak, ehiza-hegazkinak eta nornahi hankamotz uzten duten minak. Erakunde biolentoak dira armadak, estatuek beti gertu dituzten hiltzeko trepeta konplexuak. Auskaloerrietara ogia banatzera joateko ez baita armadarik behar, okinak baizik.
Eta ez, atzokoa ez zen kasualitatea izan. Bezperetan idazteak duen arriskuarekin, jakin gurako nuke domekan Elgetan izan zen Idoia Mendiak zer daukan esateko bere armadaren ekintza sinboliko horri buruz. Eta zer esan gura duen memoria eta biktima berbak ahoskatzen dituenean.
Larrepetit
Elgeta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu